Goizuetako plazatik abiatuko da larunbat honetan, maiatzak 17, lehenengo aldiz eginen den Goizutrail maratoi erdia. 09:00etan hasiko da eta mendiko eta basoko bideetan barrena, korrikalariak Mandoegira igoko dira, ibilbideko 9. kilometroan. Mandoegin barrena eginen dituzte ondoko kilometroak eta gero herrirako bidea hartuko dute. Ibilbideak 21, 5 kilometro ditu eta 1.512 metroko desnibel positiboa.
Larunbatera bitarte www.kirolprobak.com webgunean apunta daiteke, 20:00 arte. Egunean berean, berriz, 08:30 arte izena ematen ahal izanen da.
Partehartzaile kopurua mugatua da, gehienez 150 lagunek parte hartzen ahal izanen baitute.
Sariak
Seniorren mailan, emakumezko zein gizonezkoetan, irabazleek txapela eta 150 euro jasoko dituzte, bigarrenek 100 euro eta hirugarrenek 50 euro. Beteranoetan, berriz, emakumezko eta gizonezko irabazleek Goizuetako produktuekin osatutako lotea eskuratuko dute. Horrez gain, helmugaratzen diren emakumezko eta gizonezko herritarrek 100 eurona hartuko dute.