Maiatzaren 14tik ekainaren 14ra eginen da Leitzako Kultur Aroa

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 14a

Sagardo Egunak ere jendetza erakarriko du plaza ingurura. Artxiboko argazkia

Hitzaldi eta kontzertuak izanen dira 37. edizioaren egitarauaren mamia

Urteroko legez, maiatzean eta ekainean kulturaz zipriztinduko dira Leitzako bazterrak. Astez eta asteburuetan izanen dira ekitaldiak eta urteroko hitzorduek ere ez dute hutsik eginen; ekainaren 1ean XXXVI. Eskulangintza azoka eta ekainaren 7an VI. Sagardo Eguna ospatuko dituzte jai giroan. Kultur Aroaren 37. edizioa da aurtengoa eta orain artekoak bezalaxe, ALKEk antolatu du aroa, Udalak, Kaxkabeltza merkatarien elkarteak, Atekabeltz Elkarteak, Aurrerak, Guraso Elkarteak eta herriko komertzioek lagunduta.

Urteroko legez, maiatzean eta ekainean kulturaz zipriztinduko dira Leitzako bazterrak. Astez eta asteburuetan izanen dira ekitaldiak eta urteroko hitzorduek ere ez dute hutsik eginen; ekainaren 1ean XXXVI. Eskulangintza azoka eta ekainaren 7an VI. Sagardo Eguna ospatuko dituzte jai giroan. Kultur Aroaren 37. edizioa da aurtengoa eta orain artekoak bezalaxe, ALKEk antolatu du aroa, Udalak, Kaxkabeltza merkatarien elkarteak, Atekabeltz Elkarteak, Aurrerak, Guraso Elkarteak eta herriko komertzioek lagunduta.

 

HITZALDIAK

Mota guztietako gaiak izanen dituzte hizpide Atekabeltz, Aurrera eta Udaletxean eginen dituzten hitzaldietan.

Maiatzaren 14an, AHTari buruzko hitzaldia emanen du Julio Villanuevak 19:00etan Atekabeltzen.

Maiatzaren 15ean, ostegun arratsaldeko 8etan, “Neroni nere biziaren zuzendari” solasaldia planteatuko du Urko Arozenak Atekabeltzen.

Maiatzaren 19an, “Gizonak haien maskulinotasuna birplanteatuz, berdintasunerako bidean” gaia landuko du Jabi Arakamak, erakustaldi-hitzaldi baten bidez 19:00etan Atekabeltzen.

Maiatzaren 20an, Agurtzane Belauntzaranek “Asiak” hitzaldia eskainiko du 20:00etan Aurreran.

Maiatzaren 21ean Alicia Raquel Lasartek “Osasun emozionalaren bila” solasaldia emanen du 20:00etan udaletxean eta biharamonean, ordu eta leku berean, “Burutsuak, baikorrak eta zoriontsuak izan nahi dugu” izanen da bere hitzaldiaren izenburua.

Maiatzaren 24a, larunbata, egun berezia izanen da. 11:30ean Aralar musika eskolaren eskutik Zirkoa jaialdi-ikuskizuna izanen da 11:30ean eskolako jangelan. “Pilota jokoen historia” hitzaldia ere izanen da 18:00etan Aurreran eta ondoren pasaka partidua jokatuko da frontoian. 21:00etan bertso afaria eginen da Atekabeltzen.

Maiatzaren 26an, astelehen arratsaldeko 8etan kontsumo eredu berriei buruzko mahaingurua eginen da Atekabeltzen.

Maiatzaren 27an, Txente Recondok “Catalunia independentziarantz” gaia landuko du 20:00etan Aurreran.

Maiatzaren 28an, Arkaitz Astiazaranek “Euskal Herriko altxorretan barrena” hitzaldia eskainiko du Aurreran 20:00etan.

Maiatzaren 29an, “Euskararen jendea mundua osatzen” proiekzio-solasaldia eskainiko du Xamar-ek 20:00etan Atekabeltzen

Maiatzaren 30ean, Marco Olmo ultra traileko mitoak hitzaldia eskainiko du 20:00etan zineman, biharamoneko EHME mendi lasterketa girotzeko.

 

KIROL HITZORDUAK

Maiatzaren 16an pilota pesta izanen da 18:00etan frontoian.

Maiatzaren 18an Leitzalarreko trikuharrietan barrena mendi irteera antolatu dute, 8etan abiatuta plazatik. Igande arratsaldean etxeko ttikienentzat, Klun komandoaren clown ikuskizuna izanen da Torrean.

Kirol hitzordu nagusia Euskal Herriko Mendi Erronka izanen da maiatzaren 31n. Goizeko 8:00etan abiatuko dira kirolariak plazatik. 11:00etan umeentzako jolasak izanen dira eta 20:00etan eginen da sari banaketa plazan.

 

KONTZERTUAK

Maiatzaren 16an, ostiral gauerditik aurrera kontzertua eskainiko du La jodedera taldeak Torrean.

Maiatzaren 17an, Estricalla eta Inoren Ero Ni taldeak ariko dira gauerdian hasita Atekabeltzen. Aipatzekoa da larunbatean eskualdeko Gure Esku Dago Eguna ere eginen dela Areson, 11:00etatik 18:00etara.

Maiatzaren 23an, musikak hitzordu bikoitza izanen du. 19:00etan zineman, 80. hamarkadari buruzko musika jaialdia eskainiko du Aralar musika eskolak eta 23:30ean, Atekabeltzen, kontzertuak eskainiko dituzte Sykorax talde euskaldunak eta Golpe de Rabia kataluniarrak.

Maiatzaren 25ean, igande eguerdian organo kontzertua eskainiko dute elizan.

 

Ekainean segida

Baina maiatzekoak ez dira izanen Leitzako Kultur Aroko ekitaldi bakarrak. Ekainaren 1ean, XXXVI. Eskulangintza Azoka eginen da plazan.

Ekainaren 4 eta 5ean, Mendia, Kirola eta Abentura Zinemaldiaren hirugarren edizioa eginen da Peritzan. Leku berean, kontzertua eskainiko du Gibelurdinek taldeak 23:30ean Peritzan.

Ekainaren 7an, VI. Sagardo Eguna ospatuko da eta ekainaren 14an, “Aresoko Harrie” antzerki saioa eskainiko dute 20:00etan zineman.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun