160 korrikalari Leitzako krosean

Eneritz IRAOLA 2014ko maiatzaren 1a

Leitzako kroseko gizonezkoen eta emakumezkoen podiumak. Eneritz IRAOLA

Oubaddi eta Melero izan ziren garaileak

Apirilaren 12an jokatu zen Leitzako Aurrera elkarteak antolatzen duen herri krosaren 36. edizioa.160 korrikalarik hartu zuten parte eta jendetza bildu zen bide bazterrean. Lasterketa nagusian gizonezkoek 10 kilometroko ibilbidea osatu zuten eta emakumeek eta junior eta kadete mailakoek berriz 5 kilometroko bidea.

Elhassan Oubaddi, marokoarra izan zen gizonezkoetan irabazlea, (30:29). 18 segundora helmugaratu zen, Javier Nagore eta iaz bezala, biga­rren postua lortu zuen. Hasiera hasieratik, agerian geratu zen bien nagusitasuna. Elkarrekin osatu zuten lasterketaren zatirik gehiena, amaiera aldera, Oubaddik erritmoa bizkortu zuen arte. Hauekin batera, Alberto Barbere­na lekaroztarrak osatu zuen podiuma (32:35). Lehendabiziko leitzarra berriz, Fernando Irazoki izan zen (35:26).

Emakumeen artean, Maitane Melero iruindarra izan zen garaile, 19 minutu eta segundo bateko denborarekin. Lourdes Colomo zizurkildarra izan zen biga­rren, 19 segundora eta Lekunberriko Olatz Gonzalez hirugarren (20:17). Laugarren sailkatu zen Miren Juantorena (21:28), eta lehendabiziko leitzarraren saria lortu zuen.

Andres Perezen marka (29:49) ez zuenez inork hobetu, 150 euroko sari berezia banatu gabe geratu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun