Hiru puntuko ez ohiko batzarra egin zen apirilaren 11n Herriko Etxean. Alde batetik, Udalbiltzak Aberri Egunari begira Euskal Herriko Udal desberdinetan aurkeztutako Euskal Herritarrak gara eta ozenki adierazi nahi dugu mozioa onartu zen. Mozio honekin, Udalak erabaki du Euskal Herritartasunaren aldeko herri dinamika sortzeko eta bultzatzeko deia luzatzea; kaleetan eta eraikinetan euskal ikurrak jartzeko gonbidapena luzatzea; oroimen historikoa berreskuratzea eta Herritartasun Agiri Ofizialaren beharra aldarrikatzea; Etxarriko herri kontsulta babestea; eta Gure Esku Dago herri dinamikarekin bat egitea.
Bestetik, Zangozako Manifestua onartu zen, Esako urtegia haunditzearen aurka. Eta azkenik, bake epaile berria ere izendatu zuten. Josune Narbarte Etxegia izanen da datozen lau urteotan kargu horretan, Juana San Miguelen ordez.