Ohiturari segituz, maiatzeko lehenbiziko asteburuan zubiz bestaldera dagoen Txino auzoko festak izango ditugu. Ostiralean Julio Soto eta Xabier Legarreta bertsolariek emango diete hasiera festei 20:00etan, Zubiondo tabernako bertso saioarekin. Gauean 22:30ean Mus txapelketa jokatuko da taberna berean. Bikote txapeldunak arkumea eramango du etxera eta azpitxapeldunak txuleta eta txakolina.
Larunbatean, maiatzak 3, 11:30ean Umore Ona dantza taldearen emanaldia izango da. 12:00etan festei hasiera ofiziala emateko txupinazoa botako da trikitilariekin alaituta eta ondoren dragoia aterako da giroa alaitzera. Jarraian Txinoko auzotarrak eta herritarrak aurrez aurre jarriko dituen Oka jolas erraldoia jokatuko da. 14:30ean herri bazkaria izango da Goiko Frontoian. Bazkaltzera joan nahi dutenek txartelak salgai dituzte Amaia kafetegian (langileek 18 euro, ikasle eta langabetuek 15 euro).
Arratsaldeko 6etan bakarrizketa egingo du Ikatzolako Edurnek eta ondoren trikitilariak arduratuko dira giroa alaitzeaz. Gaueko 12etan kontzertuak izango dira Bajeran Kalera eta El adhesivo taldeekin.