Maitane Melero eta Elhassan Oubaddi garaile Leitzako Herri Krosean

Ttipi-Ttapa 2014ko api. 14a, 14:53

Lasterketa hasieratik atera zieten aldea beste korrikalariei Oubaddi, Nagore, Barberena eta Donnayk. Eneritz Iraola

160 korrikalarik hartu zuten parte lasterketan

Apirilaren 12an, larunbatean, jokatu zen Aurrerak antolatzen duen herri krosa. 36. edizioa zen aurtengoa eta 160 korrikalarik hartu zuten parte. Elhassan Oubaddi izan zen gizonezkoen mailan irabazlea, 30:29ko denbora eginaz. Emakumeen artean berriz, Maitane Melero iruindarra izan zen garaile, 19:01eko denborarekin. Lehendabiziko leitzarrak Fernando Irazoki eta Miren Juantorena izan ziren. Ikusi argazkiak

Apirilaren 12an jokatu zen Leitzako Aurrera elkarteak antolatzen duen herri krosa. 36. edizioa zen aurtengoa,160 korrikalarik hartu zuten parte eta horiei animatzeko asmoz jendetza bildu zen bide bazterrean. Aurreko edizioetan bezalaxe, mailaz maila jokatu ziren lasterketak ttikienetatik hasi eta maila nagusira iritsi arte. Lasterketa nagusian gizonezkoek 10 kilometroko ibilbidea osatu zuten eta emakumeek eta junior eta kadete mailakoek berriz 5 kilometroko bidea.

Elhassan Oubaddi, marokoarra izan zen gizonezkoetan irabazlea, 30:29ko denbora eginda. 18 segundora helmugaratu zen, Javier Nagore eta pasa den urtean bezalaxe, bigarren postua lortu zuen. Hasiera hasieratik, agerian geratu zen bien nagusitasuna. Elkarrekin osatu zuten lasterketaren zatirik gehiena, amaiera aldera, Oubaddik erritmoa bizkortu zuen arte. Hauekin batera, Alberto Barberena lekaroztarrak osatu zuen podiuma, 32:35 minutuko denbora eginda. Lehendabiziko leitzarra berriz, Fernando Irazoki izan zen 35 minutu eta 26 segundo behar izan zituen.

Emakumeen artean, Maitane Melero iruindarra izan zen garaile, 19:01eko denborarekin. Lourdes Colomo zizurkildarra izan zen bigarren, 19 segundora eta lekunberriko Olatz Gonzalez hirugarren, 20:17ko denborarekin. Laugarren sailkatu zen Miren Juantorena, 21 minutu eta 28 segundoko denborarekin, eta lehendabiziko leitzarraren saria lortu zuen.

Kategoria bakoitzeko lehendabizikoek, 200 euro eskuratu zituzten, bigarrenek 140 euro, hirugarrenek 80 euro eta laugarrenek 50 euro. Andres Perezen marka ez zuenez inork hobetu, 29:49 minutuko errekorra du, 150 euroko saria banatu gabe geratu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun