Txistulari Eguna ospatu dute martxoaren 15ean Leitzan

TTIPI-TTAPA 2014ko martxoaren 17a

Udal agintariek harrera egin zieten Txistulari Elkartekoei udaletxean eta opari trukaketa egin zuten segidan. Pablo Feo

Euskal Herriko Txistularien Elkartearen helburuetako bat gazteak erakartzea da

Euskal Herriko Txistularien Elkarteko batzarra ospatu zen Leitzan martxoaren 15ean. Larunbat horretarako egitarau zabala prestatu zuten eta txistu soinuaz gozatu ahal izan zuten egun osoan, Euskal Herri osotik etorritako 90 bat txistulariren partehartzearekin.

Euskal Herriko Txistularien Elkarteko batzarra ospatu zen Leitzan martxoaren 15ean. Larunbat horretarako egitarau zabala prestatu zuten eta txistu soinuaz gozatu ahal izan zuten egun osoan, Euskal Herri osotik etorritako 90 bat txistulariren partehartzearekin.

Goizean goiz, Txistularien elkarretaratzea egin zuten institutuan eta bertan gosaria eskaini zitzaien. Gero, meza aditu zuten eta Agintarien ongietorria jaso zuten Udaletxean. Oier Eizmendi alkateak aipatu zuenez, “ohore handia da gure herria aukeratu izana Txistularien Elkarteak urteroko batzarra egiteko”. Txistularien Elkarteak, txistua eta danbolina agertzen dituen koadroa eman zion oparitan Leitzako herriari eta alkateak, egurrezko eskultura bat eman zion trukean Pello Ibarguren, Txistularien Elkarteko lehendakariari.

Segidan, Txistularien Elkarteko Ez ohiko Batzar Orokorra egin zuten Leitzako zinean. Joan den urteko kontuak eta ekintzak aurkeztu zituzten eta aurtengorako prestatuak dituzten proiektuak eta aurrekontuaz ere aritu ziren. 1927an sortu zen Euskal Herriko Txistularien Elkartea eta gaur egungo helburuetako bat gazteak erakartzea dela onartu zuen lehendakariak. Helburu hori kontuan hartuta, 16 urteko arteko txistulariei zuzendutako kanpaldia antolatu dute lehen aldiz.

Gero, Kalejira, poteoa eta kontzertu herrikoia eskaini zuten, Anaitasun bazkarian elkartu baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun