Euskara bultzatzeko laguntzak kendu dizkietela salatu dute Nafarroako UEMAko udalerriek

TtIPI-TTAPA 2014ko martxoaren 13a

UEMAko Nafarroako udal ordezkariak Leitzan martxoaren 12an egin zuten agerraldian. UEMA

Iruñean martxoaren 22an eginen den manifestazioarekin bat egin dute

Kezka eta haserrea agertu zuten «jasangaitza» den egoeraren aurrean, martxoaren 12an Leitzan bildutako ordezkariek. Euskara zerbitzuek jasotzen zuten diru laguntza erabat desagertuta, euskara eremu publikotik «desagerrazi» nahian dabilela leporatu zioten Nafarroako Gobernuari. Euren hitzetan «Nafarroako aniztasunari bizkar eman eta bertako hizkuntza sustatzeko politikak bazter utzi» ditu. Bestelako hizkuntza politika bat «nahi eta behar» dutela aldarri­katzen dute eta horregatik bat egin dute Iruñean martxoaren 22an eginen den manifestazioarekin. Herritarrei ere dei egin diete «euren eta nafar ororen hizkuntza eskubideak kalean aldarrikatzera» joan daitezen.

UEMAko Nafarroako udal ordezkariek prentsa agerraldia egin zuten mar­txoaren 12an Leitzan. Nafarroako euskalgintzak bizi duen egoeraren aitzinean «kezka eta haserrea» agertu zuten, «Nafarroako Gobernuak, bertze behin, inolako diru-laguntzarik gabe utzi duelako euskara bultzatzeko ekimen eta lan oro». Udalek azkeneko urteotan Nafarroako Gobernuarengandik finantziazio mu­rrizketa handia pairatu dute, eta horien artean, Euskara Zerbitzuek jasan dutena nabarmendu dute. Salatu dute «urterik urte laguntzak murrizten joan dira, erabat desagertu arte». Euren ustez, agerian gelditu da «Nafarroako Gobernuak hizkuntza politika argi eta planifikatu bat baduela Nafarroarako: euskara eremu publikotik erabat desagerraraztea».

2013an inolako diru-laguntzarik gabe gelditu dira Nafarroako udalak eta mankomunitateak euskara zerbitzuetako plangintzak garatzeko. 2014rako aurreikuspena ere bera da, «inolako diru-laguntzarik ez jasotzea» azaldu dute. «Egoera jasangaitza» dela adierazi dute eta udalez gain, euskalgintzako gainerako eragileei ere eragiten diela.  Euren hitzetan «Nafarroako aniztasunari bizkar eman eta bertako hizkuntza sustatzeko politikak bazter utzi» ditu gobernuak. Bestelako hizkuntza politika bat «nahi eta behar» dutela aldarri­katzen dute eta horregatik bat egin dute Iruñean martxoaren 22an eginen den manifestazioarekin. Herritarrei ere dei egin diete «euren eta nafar ororen hizkuntza eskubideak kalean aldarrikatzera» joan daitezen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun