Euskara teknikariak egindako deiari erantzunez, herriko euskara taldeak bilera egin zuen pasa den astean. Bertan aurreko bileran hitz egindakoak errepasatu eta lan berriak jarri zituzten martxan. Gure eskualdean jakina da osasun arloan euskararen gabezia nabarmena daukagula, bertako pediatraren plazak ez baitu perfil euskalduna eskatzen. Hori aldatzeko urratsak eman nahi dira. Hala, euskaldunok osasun arloko arreta euskaraz jasotzeko dugun eskubidea aldarrikatuz, Nafarroako Gobernuari kexa azaldu nahi zaio. Inguruko beste herriekin batera egingo da eskaria, etorkizunean pediatra euskalduna izan dadin.
Bestalde, kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina bat egiteko garai egokia dela uste da. Gure herrian euskara hizkuntza nagusia izan arren, inoiz ez datoz gaizki halako ekimenak, batez ere erlaxatu ez gaitezen. Horretarako adin eta sexu ezberdinetako aresoarrengana jo eta elkarrizketak egingo zaizkie euskararen inguruan duten iritzia, dituzten sentipenak... grabatzeko. Herritarrek euskara nola bizi duten jasotzea da helburua. Honekin batera, hizkuntza eskubideen tailerra egitea ere erabaki zuten. Herrian oraindik zer egina eta hobetua badagoela agerikoa denez, jarrai dezagun lanean bakoitzak gure aldetik pixka bat jarrita!