«Euskalduna bere etxean arrotza sentitu dela ikustea gogorra da»

Eneritz IRAOLA 2014ko martxoaren 6a

Mikel ILLARREGI

«Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria» izeneko liburua argitaratu du Euskal Memoria Fundazioak, Dabid Anautek egindako lanari esker.  Hizkuntzari lotzen gaituen katea, bortizki etendako transmisio katea eta auzolanean eten eta berreraikitakoa... guztiak bildu dituzte lan sakonean. Kontaketei izen-abizenak eta ­aurpegiak jarrita, «orain artean azalera atera ez den errealitate bat konta­tzeko» asmoz egin dute liburua, bizi izandakoa eta bizi duguna denborak lausotu ez dezan. 

Zertan datza liburua?

Bi hari nagusi dauzka. Batetik, historian zehar euskararen zapalkuntza nola gertatu den jaso dugu. Euskararen historiaren alderdi gordinena da hau, euskarari eman dioten egurra agerian gera­tzen da. Bestetik, krisi egoera horri auzolanean eman zitzaion eran­tzuna landu dugu.  Aurpegia eta izen-abizenak dituzten pertsonen testigantzak bildu ditugu eta horrek ematen dio interes puntua lanari. Orain artean azalera atera ez den errea­litate bat kontatzea baita liburuaren helburua.

Gizarteak badu zapalkuntzaren berri?

Uste dut gehienok ezagutzen dugula euskararen zapalkuntzaren gaineko anekdota edo kasu zehatzen bat. Ez da denboran atzera egin beharrik, gaur egun ere euskara zapaldua da. Dena den, zapalkuntzaren garai gordinenaz, frankismo garaiaz hitz egiten ari garenean, zipriztin ba­tzuk bakarrik  dakizkigula esanen nuke, gertakari haiek denborarekin lausotzen joan direlako. Agian, zapalkuntza fisikoa baino psikologikoa izan zelako da. Mespretxuek, burlak... eragindako presio handiaren ondorioz euskaraz gehiago ez hitz egitea erabaki zuen jendeak. Beste batzuk berriz, betidanik bizi izan dira debekuarekin eta egoera etsipen puntu batez bizi eta “onartu” izan dute, hura zapalkuntza zela kon­tziente izan gabe. 

Zein izan da gehien hunkitu zaituen egoera?

Jipoiak, atxiloketak, kar­tzeleratzeak, isunak... oso gauza fisiko eta agerikoak bildu ditugu baina batez ere gogorra egin zait ikustea euskalduna bere etxean arrotza sentitu dela. Herrian bertan gutxie­tsiak sentitzen ziren euskaraz hitz egitea­gatik.  Ez da ageriko mina, baina bizi izan zutenek oso barruan daramate.   Euskaldun elebakarrak ziren asko eta zailtasun handiak izan zituzten besteekin komunikatzeko gaitasunik ez zutelako. Oso ondorio larriak ­utzi ditu honek eskualde jakin ba­tzuetan, jendeak euskara baztertu zuelako. Kasik erdaraz jakin ez eta hala ere, erdaraz aritzen ziren, beraiek bizi zuten egoera gogor horren erantzulea euskara zela uste zutelako. 

Zeintzuk dira horren albo kalteak?

Transmisioa eten zen. Euskaraz ez egitea erabakitzeaz gain, beren seme alabei ere euskaraz ez hitz egitea erabaki zuten askok.   

Zapalkuntzak forma ezberdinak dituela diozu.

Frankismo garaikoa izan zen erakustaldirik handiena, baina aurretik eta gerora ere izan da. Boterea zapalkuntza moduak moldatzen joan da. Hala, eskolan, soldaduskan, elizan, administrazioan, kalean... modu eta esparru askotan gauzatu izan da. Ipar Euskal Herrian ez zen frankismorik egon, baina hor ere hizkuntza zapalduta egon da eta dago. Ez zuten esan euskara debekatuta dago, horren ordez frantsesez egin behar da eta kitto! izan zen agindua. Gaur egun, XXI.mendean, Nafarroan ere egoera zaila da. Euskara eskolan debekatu ezin dutenez, ingelesa bultzatzen dute, ez dute D eredua Erriberan jartzen uzten... Estatuen aldetik helburu bat egon da beti eta zoritxarrez, euskara izan da beti kaltetua.

Hala ere, irauteko sen bat ­bada.

Gure hizkuntzarekiko dugun atxikimenduagatik iraun du euskarak. Krisi egoeren aurrean eran­tzuten jakin izan dugu, gainbehera gelditu eta berreskura­tze mugimendu bat sortzeko gai izan gara. Egoera  beltzean, klandestinitatean eta botere publikoaren babesik gabe, zirrikituak topatu eta auzolanean egoera horretatik irteteko gai izan da euskara. Ospeletik eguterara igaro gara, baina ez da erabateko egutera, euskara bizirik dago baina oraindik badago zer egina. 

EUSKARAREN ZAPALKUNTZA

«Frankismo garaikoa izan zen zapalkuntzaren erakustaldirik handiena, baina aurretik eta gerora ere izan da. Boterea zapalkuntza moduak moldatzen joan da, baina Estatuen aldetik helburu bat egon da beti eta zoritxarrez euskara izan da beti kaltetua»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun