Iaz egindako lehiaketa ofizialetan izandako lorpen eta kirol-jardunengatik azpimarratzekoak izan ziren kirolari, teknikari eta erakundeak saritu ditu Nafarroako Gobernuak otsailaren 10ean. Aurten, honako hauek izan dira sarituak zazpi kategorietan: Aimar Olaizola Apezetxea herriko pilotaria, gizonezko kirolari onenaren modalitatean; Carlota Ciganda eta Beatriz Recari golf jokalariak emakumezko kirolari onenak; Mª Ángeles Pérez Martín, kirol-teknikari onena; Eusebio Unzué, kirol-zuzendari onena; Nafarroako Igeriketa Federazioa, kirol-federazio onena; Ardoi Saskibaloiko Nafarroako Fundazioa, kirol-klub onena; eta Helvetia Anaitasuna, kirol-talde onena.
Nafarroako Gobernuak 1984. urteaz geroztik urtero banatzen ditu kirol-sariak, eta lehiaketa- kirolen sari gorenak dira. Ekitaldian izan ziren Yolanda Barcina presindentea, Pruden Indurain Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendaria eta Pedro Arozarena Kirol zuzendariorde nagusia. Barcinaren eskutik jaso zuen saria Aimarrek eta gustora ageri zen pilotaria: «Eman didaten sari garrantzitsuenetako bat da» zioen.