2014ko Amabirjin festak urruti ikusten baditugu ere, lantalde bat prestaketa lanetan hasia da dagoeneko. Festak indartu asmoz, herriko tabernariak talde eragileekin kontaktuan jarri dira, eta elkarlanean kontzertu gaua antolatzeko asmotan dira. Honek dakartzan gastuei aurre egiteko urtean zehar hainbat ekintza antolatuko dituzte. Hauetan lehena, otsailaren 14an Umore Ona elkartean antolatutako kantu afaria izango da. Imanol Kamiok lagunduta ederki afaldu eta kantuan aritzeko beta izango dute herritarrek nahiz kanpotik etorritakoek. Txartelak Amaia kafetegian daude salgai 15 euroren truke. Esan bezala, afariarekin ateratako irabaziak herriko festetarako izango dira.