Eusko Label binakako aizkora txapelketako urrezko mailako saio garrantzitsua jokatu zen otsailaren 2an, igande eguerdian Leitzako Amazabal pilotalekuan. Jon Rekondo leitzarra eta Ander Erasun aurtiztarra, Iñaki Azurmendi eta Unai Otaño gipuzkoarren kontra aritu ziren. Urrozko kanporaketan galdu ondotik, aurrera jarraitu nahi bazuten atzo ezinbestekoa zuten garaipena leitzarrak eta aurtiztarrak, baina zortzi segundogatik ez zuten lortu. 18 minutu eta 56 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko, Otaño eta Azurmendik baino zortzi segundo gehiago. Hala, Amazabal pilotalekuan igandean jokatutako kanporaketan amaitu zen bi nafarrentzat txapelketa.
Gipuzkoarrek garaipena lortzeko lana erruz egin behar izan zuten. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu izan zen egin beharreko lana eta 38an bukatu zuten lana gipuzkoarrek, segundo bateko tartea kenduz. Segidan, erlojuz kontrako saioa egin zuten eta aldea handitu zuten. Hirugarren lanean, kana-erdiko bat zutik jarrita ebaki behar izan zuten eta hauxe izan zen nafarrek irabazi zuten lan bakarra. 2.03 behar izan zituzten, eta gipuzkoarrek 2.20. Gero 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten eta lan honetan, Azurmendi eta Otaño gailendu ziren, 19 segundoko tartea lortuz. Azken aurreko lanean, 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda ebaki behar izan zituzten, eta nafarrak izan ziren nagusi. Azken lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi oinbiko ebaki behar izan zituzten eta hor Otañok eta Azurmendik 13 segundo kendu zizkieten aurkariei. Denera, gipuzkoarrek 18 minutu eta 48 segundo behar izan zituzten. Erasun eta Rekondok berriz, 18 minutu eta 56 segundo.