Areson inauteri giroa zabalduko da ostiral eta larunbatean

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 30a

Aresoko Antzerki Taldeak bere hirugarren lana taularatuko du larunbatean 20:00etan. Artxiboko argazkia

Igandea deskantsu eguna izango da aurten

Leitzako ihoteen ondotik, Areso astinduko du asteburuan inauteri haizeak. Urtarrilaren 31 eta otsailaren 1ean ospatuko dituzte, hala, aurten iaz baino egun bat gutxiago izango dute bestarako igandea deskantsu eguna izatea erabaki dutelako. Halare ere, gozamenerako nahikoa aukera egongo da. Eskolako haurren kalejirarekin emango diete hasiera inauteriei eta segidan eskea, afaria, Euskal Herriko Mus txapelketako partidak, karrozak, antzerkia... aukeratu mozorroa eta guztiok festara!

Leitzako ihoteen ondotik, Areso astinduko du asteburuan inauteri haizeak. Urtarrilaren 31 eta otsailaren 1ean ospatuko dituzte, hala, aurten iaz baino egun bat gutxiago izango dute bestarako igandea deskantsu eguna izatea erabaki dutelako.

Ostiralean, urtarrilaren 31n, arratsaldeko 15:30ean eskolatik haurrak kalejiran aterako dira eta segidan, merendua egingo dute denek elkarrekin. 18:00etan herriko eskea egingo da eta antolatzaileek herritar guztiei egin diete bertan parte hartzeko gonbita. 21:00etan Lagun Artekoek afaria egingo dute Pake Tokin eta 21:30ean Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketak jokatuko dira.

Larunbatean, goizean goizetik abiatuko dira gazteak baserrietara eskean eta egun guztian zehar ibiliko dira trikiti doinuak lagun besta giro ederrean. 17:00ak aldera, karrozen desfilea egingo da. Duela bi urte ijito kuadrila azaldu zen herrira, iaz monja eta apaizak... ea aurtengorako zer duten prestatua. 18:00etan musika egongo da plazan eta 20:00etan antzerkia. Iazko inauterietan eskaini zuen Aresoko Antzerki taldeak lehenengo emanaldia eta geroztik lanean dihardute, beraien hirugarren lana izango da larunbatean taularatuko dutena. Antzerkia bukatzean, Pake-Tokin bilduko dira afarirako: Errusiar entsalada, zopa, gisadua, pastak, kafea eta kopa. Afalondoan musika izango da eta goizeko ordu ttikiak arte festarako aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun