Omenaldi bikaina eskaini zioten Asier Olaizolari Goizuetan urtarrilaren 4an eta 600 bat lagunek lepo bete zuten pilotalekua. Hainbat ekitaldi hunkigarri antolatu zituen Umore Ona elkarteak 17 urtez punta-puntako pilotari profesionala izan denari eta hemendik aurrera ere, Garferekin jokatuko duen aurrelariari gorazarre egiteko.
Umore Ona elkartearen izenean Unai Mirandak, Udalaren izenean Izaskun Bakerok eta koadrilaren izenean Iñigo Apezetxeak sariak eman zizkioten, baina horretaz gain, osaba-izeba eta lehengusuek Aurreskua dantzatu zioten eta Irai iloba eta Maren eta Amets seme-alabak ageri direneko erretrato bat ere eman zion ilobak berak. Asier Olaizolari buruzko bideo bat ere proiektatu zuten. Ondoren, Unai Apeztegia aurtiztarra lagun zuela pilota partida jokatu zuen Iñaki Otxandorena oronoztarra eta Juantxo Kokaren kontra. Urtetan elkarren lagun eta arerio izan ziren kantxetan, baina lagun handiak ziren eta dira kantxetatik kanpo. Baina kantxan lagunik ez denaren erakusgarri, Kokak eta Otxandorenak irabazi zieten omenduari eta Apeztegiari, 20-22.
Une berezia bizi izan zuen ondoren Asier Olaizolak Umore Ona elkartean egindako afarian eta gaua luze joan omen zen.