Nafarroako Gobernuak euskararen aurka eman dituen azken urratsak salatzeko asmotan, abenduaren 22an prentsaurrekoa eskaini zuten zenbait erakundek Iruñean eta tartean ziren eskualdeko zenbait ordezkari. Euskarazko komunikabideei kendutako diru-laguntzak, D ereduko irakasleei egindako azken aldiko erasoak eta euskara zerbitzua duten udalei Euskarabideak ematen zien diru-laguntza deuseztatu izanak piztu du haserrea. 2012. urtean, %82ko jaitsiera izan zuen udalek jasotako laguntzak, 727.344 eurotik, 133.000 eurora jaitsi zuten. Aurtengoan egoera gehiago okertu da, laguntza erabat ezabatu dutelako Iribas sailburuak Mankomunitateekin zuen hitzarmena bertan behera utzi ondoren.