Olaizola II.ak 22-16 irabazi zion Martinez de Irujori lau t'erdiko txapelketako finala, Gasteizko Ogetan larunbat arratsean, eta zazpigarrenez jantzi du txapela goizuetarrak. Iberoko aurrelariak estutu zuen, eskura eduki zuen garaipena, baina, beste behin, amore eman behar izan zuen. Fisikoki hobeki bukatu zuen partida Olaizola II.ak, eta hor egon zen gakoetako bat. Olaizolak berak, garaipena sakean oinarritu zuela onartu zuen, Irujoren eskuin eskua bilatu baitzuen.
Final gogorra izan zen, erritmo handian jokatutakoa. Irujo aurretik hasi zen, eta 6-12 irabaziz egon zen Iberokoa. Hor aldatu zen finala. Olaizola II.ak bere pilota atera, eta sei tanto egin zituen segidan (12-12), eta 14-13 ere aurretik jarri zen goizuetarra. Irujok agintzen zuen piloteoan, baina ez zuen asmatzen tantua bukatzen. Aimar, beste behin, maisu izan zen horretan. Belauneko minarekin aldageletatik pasatu eta gero, 16-16 berdindu zuen partida Irujok, baina horixe izan zen bere azken tantoa. Azken seiak segidan eginda, 22-16, Olaizola II.ak merezimendu osoz irabazi zuen bere zazpigarren txapela kaiolan. Buruz buruko lauekin eta binaka lortutako biekin, 13 txapel baditu dagoeneko goizuetarrak.
Olazabal azpitxapeldun
Goizuetarrak asteburuko berri ona eman zuen. Mikel Olazabal aresoarrak, aldiz, galdu egin zuen ostiralean Tolosako Beotibarren jokatu zen bigarren mailako finala. Stephane Lemuno lapurtarraren kontra 19-22 galdu zuen. 10-19 galtzen joan ondotik, 19-21era hurbiltzea lortu zuen Olazabalek, baina azken tantua Lemunok egin zuen.