‘Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria’ izena du Dabid Anautek osatutako liburuak. Lan mardula da, 1.000 orri ingurukoa, eta hala ere, euskarak historian zehar izandako urraduren erakusgarri ttiki bat baino ez diela dio egileak. Euskal Memoriaren aurtengo dibulgazio lana da aipatutakoa, eta azaroaren 27an aurkeztu zuten, Aieteko Jauregian. Euskalgintzako hainbat kidek bat egin zuten Leitza-Goizuetako Euskara teknikariak egindako liburuaren aurkezpenean.
Euskaldunon lekukotzen bideo bat erakutsiz hasi zuten aurkezpena. Ondoren, Euskal Memoriako Arantxa Erasunek hartu zuen hitza. «Bazterketa, debekua, mespretxua, zigorra, jazarpena.. errepresioa. Euskarak eta euskaldunok asko sufritu dugu, luzez, gure hizkuntza indarrez desagerrarazi nahi izan dutelako. Ez dute lortu, baina eragindako kaltea geure orainaren parte da», aipatu zuen Erasunek.
Dabid Anaut liburuaren egileak euskararen zapalkuntzak ezaugarri jakin batzuk dituela adierazi zuen: «Konstante historiko bat da, oso aspaldi hasi zena, denboran zehar iraun duena eta egun ere agortu ez dena». Azken batean, hainbat lekukotzen bidez zapalkuntzaren kronika moduko bat osatzeaz gain, guztiari kontestua batu dio, euskararen historiari buruzko atalekin. Elkarrizketatutakoen artean, eskualdeko hainbat lagun ageri dira. Euskal Herrian Euskaraz erakundeko ordezkari gisara Kontxi Erro lesakarrari ere elkarrizketa luzea egin dio, baina bertze hainbat lagunen testigantza laburragoak ere bildu ditu. Mikel Illarregi leitzarrak lagundu dio elkarrizketatu horien argazkiak ateratzen.
Leitzan, hilaren 19an eginen du liburuaren aurkezpena Dabid Anautek.