Eguraldiak ez zuen lagundu eta azoka plazatik eskolako frontoira eraman behar izan zen, baina halere jendetza bildu zen azaroko azken larunbateko Azienda Feria egunean.
Urtetik urtera eskulangile gehiago erakartzen ditu feriak. 60 postu jarri ziren eskolako frontoian, baina beste batzuk lekurik gabe gelditu ziren. Hainbat azienda ere agertu ziren, eta taloak egiten jotasu ibili zen 15 laguneko taldea. Aurten, gaztanbera ere eskaini zuten Mertxe eta Korok, garai batean bezala, burnia esnetan sartu eta horrek ematen dion gustu bereziarekin.
Baina hamargarren edizio honetan ikusminik handiena emakume eta gizonen arteko giza probak piztu zuen. Astigarraga eta Oiartzungo zortzi neskek osatutako Emarri taldeak 39 plaza egin zituen 550 kiloko harriari tiraka euripean; Goizuetako sei mutilek (azkenean, urnietar bat eta oriotar bat sartu ziren, min hartutako bi herritarren ordez) 42 plaza lortu zituen 650 kiloko harriarekin.
Bazkarian ere giro bikaina izan zen, 450 lagun bildu baitziren frontoian. Ohiturari eutsiz, Oiartzungo lagun taldeak prestatu zuen bazkaria goizuetarrentzat eta hauek mesedea itzuliko diete beste ospakizunen batean. Xabier Solano eta Jon Mariren musikarekin ederki joan zen bazkalondoa.