365 egun euskaraz bizi nahi dutela ospatu eta aldarrikatzeko asmotan ekitaldiak antolatu dituzte Areson. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean egin zituzten ektialdietako batzuk eta egitaraua zabalduz, abenduaren 5 eta 6an ere pesta giroak hartuko du herria. Ostegunean Burdin Aroa Areson hitzaldia izango da udaletxean 19:30etan eta ostiralean berriz, egun osoko egitaraua izango da. Goizean Panpanoziri herri aldizkariaren bigarren alea banatuko da etxez etxe eta udaletxean UEMAri buruzko erakusketa ere ikusgai izango da. 11:00etan herri lasterketari emango zaio hasiera, haur, gazte eta helduentzat aproposa izango da ibilbidea eta lasterkarien aurretik kotxe bat joango da erritmoa markatu eta ibilbidea musikaz alaitzeko. 12:00etan Giza probaren txanda izango da. Ibarrako neskak eta Aresoko mutilek neurtuko dituzte indarrak. Bitartean salda eta txorizo egosia egongo da. 14:00etan bazkaria izango da Pake Tokin. Kostiilla jana, helduak 15 euro eta 12 urte arteko haurrek 5 euro ordaindu beharko dute. Egunari amaiera emateko, 17:30ean talo tailerra izango da, segidan talo jana eta karaokea.