Eguraldi kaxkarrarekin baina giro bikainean joan zen Goizuetako azienda feria eguna

TTIPI-TTAPA 2013ko abenduaren 2a

450 lagun bildu ziren Goizuetako azienda feria eguneko bazkarian. Felix Loiarte

Emakume eta gizonezkoen arteko giza proba desafioan, Goizuetako mutilak nagusi

Eguraldiak ez zuen lagundu eta azoka plazatik eskolako frontoira eraman behar izan zen, baina halere jendetza bildu zen Goizuetan, azaroko azken larunbateko Azienda Feria egunean. Emarriko emakumeen eta Goizuetako mutilen arteko giza proba desafioa herritarrek irabazi zuten. ikusi argazkiak

Eguraldiak ez zuen lagundu eta azoka plazatik eskolako frontoira eraman behar izan zen, baina halere jendetza bildu zen Goizuetan, azaroko azken larunbateko Azienda Feria egunean. Emarriko emakumeen eta Goizuetako mutilen arteko giza proba desafioa herritarrek irabazi zuten. Ikusi argazkiak

Urtetik urtera eskulangile gehiago erakartzen ditu Goizuetako feriak. 60 postu jarri ziren eskolako frontoian, baina asko gehiago lekurik gabe gelditu ziren. Hainbat azienda ere agertu ziren, eta taloak egiten jotasu ibili zen 15 laguneko taldea. Aurten, gaztanbera ere eskaini zuten Mertxe eta Korok, garai batean bezala, burnia esnetan sartu eta horrek ematen dion gusto bereziarekin.

Baina aurten ikusminik handiena emakume eta gizonen arteko giza probak piztu zuen. Astigarraga eta Oiartzungo zortzi neskek osatutako Emarri taldeak 39 plaza egin zituen 550 kiloko harriari tiraka euripean; Goizuetako sei mutilek (azkenean, urnietar bat eta oriotar bat sartu ziren, entrenamenduetan min hartutako bi herritarren ordez) 42 plaza lortu zituen 650 kiloko harriarekin.

Bazkarian ere giro bikaina izan zen, 450 lagun bildu baitziren frontoian. Ohiturari eutsiz, Oiartzungo lagun taldeak prestatu zuen bazkaria goizuetarrentzat eta hauek mesedea itzuliko diete beste ospakizunen batean. Xabier Solano eta Jon Mariren musikarekin ederki joan zen bazkalondoa.

Bezperan ere giro ederra sortu zuten Gaztetxean Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxagak, Bi bala bertso ikuskizunarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun