Hamargarren azienda feria eguna nobedadez betea dator

TTIPI-TTAPA 2013ko azaroaren 28a

Ostiral iluntzean ‘Bi bala’ bertso ikuskizuna eskainiko dute Gaztetxean

Hamargarren edizioa izango du aurten herirko hainbat elkarte, talde eta eragileren eskutik antolatzen den Goizuetako Feri egunak eta aurten ere nobedadez beteta dator azaroko azken larunbata. 
 
Aurten gainera, bezperatik hasiko da festa, Bi bala bertso ikuskizuna izango baita Gaztetxean ostiral iluntzean. Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurru­txagak «ostiak eta muxuak» oparituko dituzte hainbat doinu ezagun bertso bihurtuta. 
 
Baina larunbata da egun haundia eta izango da zer ikusia goiz goizetik. 
 
10etan emango zaio hasiera feriari. Aziendek, artisau eta nekazaritza postuek beteko dute herria eta tartean hainbat ikuskizun izango dira, hala nola, burniarekin erretako gaztanbera, joare egileak, sagardo egileak... umeen txarangak goiz guzian zehar girotuko du herria eta umeek ponie gainean ibiltzeko aukera izango dute Txino auzoan. Eguerdiko 12etan joko du gailurra feri egunak. Azken asteetan ikusmira handia sortu duen giza proba desafioa jokatuko baita plazan. Herriko sei mutilek 650 kiloko ha­rria mugituko dute eta Emarri taldeko zortzi neskek 550 kiloko ha­rria. Biek ala biek dena emango dute proba honetan eta seguru apostu bat baino gehiago jokatuko direla bertan. 
 
BAZKARIA FRONTOIAN
Eguerdian bazkaria izango da Goiko frontoian. Txartelak Amaia kafetegian daude salgai. 8 urte bitarteko umeek doan dute sa­rrera. 9 urtetik 16 urte artekoek 10 eurotan, 17 urtetik aurrerako lan­gabetuek 18 eurotan eta langileek 21 eurotan. Urtero giro ederra sortzen da eta seguru aurten ere  halaxe izango dela. Hortaz arduratuko dira Xabi Solano eta Jon Mari Beasain"Esne beltza"ko musikariak, beraiek alaituko baitute bazkalondorea. Gauerako inda­rrak hartu nahi dituztenentzat pintxoak eskainiko dira plazan.
 
Gaueko 10etatik au­rrera, berriz, Gugaz erro­meria taldea izango da Gaztetxean musika doinu dantzagarriak eskaintzen. Hortik aurreko egitaraua librea da. Norberaren esku parranda noiz arte luzatu!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun