'Euskaraz bizi nahi dut' lasterketa herrikoia eginen dute larunbat honetan Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2013ko azaroaren 22a

Euskal Herriko hainbat tokitan egiten ari dira 'Euskaraz bizi nahi dut' lasterketak eta larunbatean Goizuetan eginen dute.

Izen-ematea aurretik Amaia kafetegian egin daiteke edo bestela egunean bertan plazan

Haurrek kroseko buelta txikia egin beharko dute eta gazte eta helduek 1.500 metro. 14 urtera bitartekoek bi euro ordaindu beharko dituzte eta 15 urtetik gorakoek bost euro. Izen-ematea aurretik Amaia kafetegian egin daiteke edo bestela egunean bertan plazan. Herri lasterketa ez da asteburuko ekitaldi bakarra izanen Goizuetan. Ostiralean Xalto Sariketako finala jokatuko baita, eta horrez gain, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, ekitaldiak izanen dira.

Azaro Kulturalaren barne hainbat ekitaldi egiten ari dira hilabete honetan Goizuetan. Eta asteburu honetan ere gisa askotako aukerak izanen dira. Ostiralean, esaterako, Xalto Sariketako finala jokatuko da. Larunbatean, berriz, Euskaraz Bizi Nahi Dut dinamikaren baitan herri lasterketa eginen da.

Haurrek kroseko buelta txikia egin beharko dute eta gazte eta helduek 1.500 metro. Izen-ematea aurretik Amaia kafetegian egin beharko da edo bestela egunean bertan plazan. 14 urtera artekoek bi euro ordaindu beharko dituzte eta 15 urtetik gorakoek bost euro. Bi kasuetan, Euskaraz bizi nahi dut kamiseta nahi izanez gero, bost euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Lasterketa 16:30ean hasiko da plazan eta parte-hartzaileen artean hainbat sari banatzeko zozketa eginen da: mp4 bat, bi DVD eramangarri, EBND motxila...

Emakumearenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna

Azaroaren 25a Emakumearenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da eta horren harira ere, ekitaldiak izanen dira Goizuetan. Larunbatean, azaroak 23, Helena Tabernaren Nagore film-dokumentala ikusteko aukera izanen da 19:30ean. Eta Indarkeriaren Kontrako Egunean, astelehenean, elkarretaratzea eginen da 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun