«Kontsumismoari eta krisiari aurre egin, denon arteko berdintasuna bultzatu, eta herritar guztien parte hartzea bultzatzeko» asmoz, bigarren eskuko azoka egingo dute azaroaren 30ean. Eguraldiaren arabera, udaletxeko karrapean edo eskolako jangelan jarriko dituzte postuak 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara. Ekimena bultzatzeko taldea osatu dute udaleko ordezkariek, eskolako guraso elkartekoek eta zenbait gurasok. Jostailuak, liburuak, mahai-jokoak, DVDak, mozorroak… eraman litezke azokarako eta produktuak azaroaren 11tik 16ra bilduko dira udaletxeko karrapeko tabernan. Azokan ateratzen den dirua, Erleta eskolako Denok Bat Guraso Elkarteari eta Leitzako elikagaien bankuari emanen zaie, erdi bana. Herritarrei parte hartzera eta produktuak ekartzera animatzeko deia egin diete antolatzaileek.