Urriko azken astean ospatu zen mikologialdia eta ohi denez arrakasta handia izan zuten antolatutako ekitaldiek. Herriak berak ere, soineko berezia jantzi zuen, dendetan onddo eta perretxikuen argazkiak eta apaingarriak jarri zituzten. Larunbatean 20 lagun, haur eta heldu, mendira joan ziren , perretxiko ezberdinak biltzera. Bildutakoak karrapera eraman eta arratsaldean hasi eta iluntzera arte aritu ziren sailkapen lanetan. Inguruko aditu eta zaleak aritu ziren zeregin horretan eta denera 110 espezie ezberdin bereizi zituzten. Beste urteetan baino ale gutxixeago izan ziren, mendiak lehor xamarrak zeudelako, baina tartean desagertzeko zorian dauden edo nekez topatzen diren aleak ere baziren. Igandean amaiera borobila eman zitzaion Mikologialdiari. Urtero bezalaxe, astean zehar bildutakoak erakusgai jarri ziren plazako karrapean, bakoitzaren izena eta jan zitekeen edo ez argi zehaztuz. Pintxoak ere jarri ziren salgai eta arrakasta handia izan zuten. Eskolako haurrek egindako marrazkiak eta eskulan bereziak ere, plazan ikusgai egon ziren egun guztian zehar eta eguardira arte eskulan tailerretan ere herriko gaztetxoenak gogotsu aritu ziren lanean.