Bilboko Kirikiño Abesbatzak kontzertua eskainiko du azaroaren 16an, larunbat eguerdian elizan. Umore-Ona Abesbatzak ere parte hartuko du eta bukatzeko kanta pare bat elkarrekin abestuko ditute. Ondoren kalez-kale, tabernaz-taberna, kantujira egingo dute bazkaltzeko ordua iritsi arte. Umore Ona elkartearen eguneko ekitaldietako bat izanen da, baina ez bakarra: pilota eta futbito partidak, dantzariak, afaria…
Bezperan hitzaldi musikatua
Azaroaren 15ean, ostiral arratsaldeko 7:30ean, Baga, biga, higa euskal musikaren inguruko hitzaldi musikatua eskainiko dute Mikel Markez eta Eñaut Elorrietak Gaztetxean, 1960ko hamarkadatik hasi eta gaur arterako musikaren historiari buruz.
Jubilatuen Eguna
Goizuetan ekitaldiz betea doan hilabete honetan, joan den asteburuan Jubilatuen Eguna ospatu zuten. Urteroko ohiturari eutsiz, mus eta trukeko txapelketak jokatu zituzten. Musean, Miel Sukuntza eta Eustakio Zubieta suertatu ziren txapeldun eta truk txapelketan berriz, Maritxo Salaberria eta Juanita San Miguel. Aipatzekoa da Maritxo Salaberriarena, 92 urterekin oraindik buru argia duela eta jokorako trebea dela erakutsi baitzuen. Igandean pilota partidak eta bazkaria ere izan zuten.
Aurrera begira ere izanen dira ekitaldiak Goizuetan. Azaroaren 22an, bertso poteoaren ondotik, Xalto Saria jokatuko da eta 23an, Euskaraz bizi nahi dut herri lasterketa plazan 16:30ean eta Nagore film-dokumentala 19:30ean Ganbaran. Azaroaren 30ean, azkenik, azienda feriak borobilduko du ekitaldiz betetako hilabetea.