Leitzako Torrea elkarteak, Torrea egun berezia antolatu du azaroaren 16an larunbatean. Orain artean, Garagardo Pesta egin ohi zen egun horretan, baina egun elkarteak 35/02 epaiketa dela eta bizi duen egoeraren ondorioz egitaraua osatzea erabaki dute, Torrearen sorrera gogoratu eta bidenabar libre izateko aldarria eginez.
Larunbat goizeko 11:30ean, libre txokoarekin, hau da, umeentzako tailerrekin emanen diete hasiera ekitaldiei. Ordu berean, gazte eta helduentzako jokoak ere antolatu dituzte: “A fuerar” Frontenis Txapelketak (raketak norberak eraman), futbolina, toka, ping ponga... Parte hartzaileen artean ere sariak banatuko dituzte.
13:00ean Erraldoi eta Buruhaundien kalejira egingo da, txistulariek lagunduta.
14:30ean Garagardo Festaren baitan bazkaria hasiko da (Txartelak Torren salgai). Garagardo bereziak, saltxitxak eta saiheskia dastatzeko aukera izango da. Ondoren, bazkaloste musikatuaz gozatzeko aukera izango dute Torreara bertaratzen direnek, zuzeneko emanaldia eskainiko duelako Nats & Wats taldeak.
19:00etan berriz, manifestazioa abiatuko da plazatik Epaiketa politikorik Ez, Torrea Libre! lelopean.
Iluntzeko 20:30ean, apari merendua antolatu dute Torrean. Hirugiarrea, saltxitxak... egongo dira aukeran.
Gaueko 23:00etan kontzertua hasiko da, Nats & Wats taldea izango da berriro ere eszenatokian eta hauek bukatzean DJa. Horretaz gain, Torrearen inguruko argazki erakusketa ikusgai egongo da ostiral eta larunbatean.