Abenduko lehenengo asteburuan pesta antolatu izan da herrian euskararen eguna aintzakotzat hartuta. Aurten ere, hitzorduari hutsik egin gabe, antolakuntza lanetan hasiak dira. Aresoko Udala, Guraso Elkartea eta Lagunartea elkarrekin arduratzen dira festaren antolaketaz. Dagoeneko aurreratu dezakegu, Leitzako abesbatzaren bisita izango dugula, kontzertua eskainiko baitute Aresoko elizan. Bestalde, Panpanoziri herri aldizkariaren bigarren alea ere egun horretan banatuko da. Azken hilabeteetako lanaren emaitza izango dute herritarrek etxeetan. Badirudi oso gauza interesgarriak landu dituztela eta jakinmina dutenentzat aberasgarria izango dela.