Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Leitzako Maxurrenea etxea dela-eta esandakoen aurrean, Oier Eizmendi Leitzako Alkateak udal honen aurka eta udalean gehiengoa duen Bildu indar politikoaren aurka egindako akusazio larriak arbuiatu nahi izan ditu.
Alkateak aipatu duenez, «Bildu programa argi batekin aurkeztu zen hauteskundeetara eta, besteak beste, Maxurrenea Leitzako herriari itzultzeko lana egin beharra jaso zuen bertan». Gai horren inguruan Udalak egin duen bakarra «Maxurreneari buruz herriak emandako agindu argia» garatzea izan da, «eta UPN izan da bere jokabidearen bitartez proiektu bat inposatu duena, gure herritarrek nahi ez duten proiektua, ezta Udalak ere, zenbait aldiz erabaki eta adierazi duen bezala», dio Eizmendik.
Barcinari herri-kontsulta lotesle bat egitea proposatu diote, Leitzan Guardia Zibila egoteari buruz herritarrek duten iritzia jasotzeko, eta «jakiteko herritarren ustez Guardia Zibila hemen egoteak Lehendakariak aipatzen duen interes sozialarekin loturarik ba ote duen». Leitzako Udalean prest daude herritarrei hitza emateko bideari ekiteko, eta Barcina eta UPNri lehenbailehen bide berari ekin diezaioten eskatu diete.
Gogoratu behar da Barcinak «ezinezkotzat» jo zuela Guardia Zibilak Maxurrenea uztea eta erakunde horrentzat beste kokapen bat topatzea eskatu dio Udalari.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!