Goizuetako Umore ona elkartean ardo probaketa egin zuten urriaren 19an, larunbat arratsaldean. Alde batetik elkartean sartuko dituzten ardo berrien aukeraketa egin zuten eta beste aldetik Solagüen upategietako arduradun komertziala den Iñaki Rojo etorri zen ardoaren inguruko solasalditxo bat egitera.
Harrera oso ona izan zuen ekitaldiak, 45 bat pertsona bertaratu baitziren eta oso giro politean ospatu zen. Alde batetik kata horizontala egin zuten (urteko ardo klase berdina, baina marka edo upategi ezberdinetakoa) elkarteko ardoak aukeratzeko eta bestetik ardoen arteko desberdintasunak ikusteko, Solagüen upategiaren eskutik, kata bertikala non ardo txuri batetik hasi eta erreserba berezi batekin bukatu zuten.
Seigarren mendi buelta urriaren 27an
Datorren igandean, urriak 27, herria ezagutzeko ekimenaren barruan mendi bueltak egiteari ekingo diote berriz Umore Ona elkarteko mendizaleek. Oraingoan Tartazu eta Alkainzurian auzoetan barrena izango da. Zehazki, herriko plazatik abiatu eta Goiko Itturrin barna, Domiñazpi, Tartazuko Harria, Bordaberriko borda, Larritzko Borda, Borda Berri eta herrira bueltatuko dira. Parte hartu nahi duenak, beti bezala azaldu dadila plazara goizeko 9etan.