Inaxio Perurena leitzarrak marka berria eg zuen urriaren 5ean Iruñeko La Morea merkataritza gunean, 238 kiloko harria esku bakar batekin altxatu eta lehen berak zuen marka lau kilotan hobetuz. Helburua beteta, orain 303koa bi eskuekin jasotzea izango da bere hurrengo erronka nagusia. «Oso gustura aritu naiz, eta eman diodan jasoaldia ere oso ona izan da. Aurrera egiteko ere honek izugarrizko indarra ematen dit», aitortu zuen leitzarrak marka lortu eta gero. «Lehen, udan erakustaldien garaia izaten zen, baina orain krisiaren eragina handia izan da, eta oso lan gutxi izan dut. Markak prestatzeko erabili dut denbora», gehitu zuen.
Bere hurrengo helburua bi eskuekin 303 kilokoa jasotzea izango da. «Lehen egin nuen ahaleginean ez nuen lortu marka hori egitea, eta hori izango da hurrengo erronka. Nire burua ongi ikusten dut, eta esku batekin egin dudan lanak indar eta konfiantza handia ematen dit aurrera gogoz jarraitzeko», adierazi zuen. Halere, oraindik ez du ahalegin horretarako datarik finkatu.