Plazaola partzuergoak eta Leitzako Udalak elkarlanean antolatzen duten pesta urriaren 6an ospatu zen. Zortzigarren edizioa zen aurtengoa eta jendeak ez zion huts egin hitzorduari. Goizean herriko talogileak aritu ziren herriko plazan lan eta lan. Jaki ezberdinez betetako taloak prestatzeaz gain, artoarekin zerikusia duten lanen erakustaldiak egin zituzten. Umeek ere ederki pasa zuten, zaldi-gurdian paseoak emanez, astokume eta txitak ikusiz... Inguruko artisau eta eskulangileek ere jarri zituzten beren postuak eta tresna zaharren erakusketa ere izan zen ikusgai. Kirolarentzat tartea ere bai, herriko hiru neskek 400 kiloko harriarekin erakustaldia egin baitzuten. Arantxa Iparragirre, Maitane Villabona eta Arantxi Sukuntza, aritu ziren lanean, Gabriel Saralegi eta Jon Kanflankak lagunduta. Aurretik Baigorriko dantzariek ‘Eateren aztarna’ ikuskizuna eskaini zuten plazan. Eskualdeko talo lehiaketan berriz, zortzi talogilek parte hartu zuten eta Ilenia Villabona izan zen irabazlea. Plazaolako Partzuergoko lehendakariak, Josean Iturrartek, eman zion saria. Talo egunaz gain, bezperan ere bestarako tartea izan zen herrian, Aurrera Egunaren harira. Euriak ez zituen elkartekideen besta gogoak itzali eta ongi joan zen eguna. Goizeko ume jokoak plazan egin zituzten, baina Aurrerako dantzariek saioa karrapean egin behar izan zuten. 120 bazkide bildu ziren bazkarian.