Goizuetako kultur taldeak eta UEMAk Arnasguneen inguruko tailerrak antolatu dituzte eta urriaren 8an eta 23an eginen dituzte, arratsaldeko 7etatik 9etara Andres Narbarte Xalto eskolan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, arnasguneak euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea dira, inork xaxatu eta eraso gabe “etxeko nagusi” sentitzen den eremua. Goizueta, esate baterako. “Eta hizkuntza batek, aurrera eginen badu, bera nagusi den esparruak behar ditu, arnasgune horiek behar ditu”, diote.
Eta zer dira arnasguneen tailerrak? “Bada, gune euskaldunen garrantziaz eta euskararen iraupen eta sustapenean duten paperaz herritarrak kontzientziatzeko tailerrak dira, UEMAk Kontseiluarekin, Topagunearekin, EMUNekin, Bertsozale Elkartearekin eta EHErekin elkarlanean sortuak”.
Goizuetara ekarriko dute tailer hori, bertako egoera denon artean aztertzeko eta lantzeko. “Ez ditugu askotan horrelako saioak egiten herrian bertan, eta aukera polita daukagu oraingoan gure iritzia emateko, besteena entzuteko, gure herriko egoera hobeki ezagutu eta zer egin litekeen elkarrekin pentsatzeko” diote antolatzaileek.
Bi saio eginen dituzte, urriaren 8an eta 23an hain zuzen ere, arratsaldeko 7etatik 9etara, eskolan. Saioak parte-hartzaileak izango dira, dinamikoak, eta aberasgarriak, zalantzarik gabe.