Aurten bat eginen dute asteburu berean bi ospakizunek: irail hasieran egitekoa zen baina azkenean asteburu honetara aldatu duten Talo Egunak eta Aurrera Egunaren zazpigarren edizioak. Larunbatean Aurrera Elkartearen txanda izanen da eta igandean talo egile eta artisauek beteko dute plaza eta karrape inguruak.
Aurrera Egunaren VII. edizioa
Larunbat goizeko 9etan emanen diote hasiera eguneko egitarauari eta baita Mendi Bizikleta irteerari ere Leitzako estazioan. Txistulariek ere orduantxe hasiko dira kalejiran. Gero, 10etan, futbito partida jokatuko da plazan eta 11etan ginkana, zaldi ibilaldiak eta pilotarien saioak hartuko die txanda kirol egitarauari dagokionez. Eta kirolarien ondotik, dantzariek euren saioa eskainiko dute plazan eta horren segidan bazkaria bitarte, ez da animaziorik faltako Incansables txarangarekin.
Dena den, Aurrera Eguna egun osoko pesta denez, bazkalondotik iluntzeraino ez da animaziorik faltako. Lehenik, Ingurutxoa eta txarangarekin poteoa iragarria dute egitarauan. Eta errematea emateko, egitarauari dagokionez, gizon orkestra ariko da Aurrerako atarian. Gero, larunbat arratsa dela kontuan hartuta, gauza segurua da ez dela animaziorik faltako Leitzako kale eta tabernetan.
Talo Egunaren ibilbide luzea
2006ko irailaren 10ean egin zen lehen Talo Eguna. Zortzi urte beranduago, Talo Egunaren egitarauak hasierako eskema arrakastatsuari jarraitzen dio fin-fin. Goizeko 10:00etan Merkatuaren irekiera eginen da. Aurten Leitzako bi talo-egilek, Villabonak eta Saralegik, hartuko dute parte (2006an hiru elkartu ziren). Eta talo-egileekin batera, artisauen postuak eta baserriko tresnerien erakusketa izanen da plazan. Haurrentzat gurdi-ibilaldiak eta taloak egiten ikasteko mahaiak ez dute hutsik eginen, eta denentzat, taloekin egindako plateren erakusketa eta eskualdeko talo lehiaketa. Eguerdi partean herri kirolen txanda etorriko da. Aurtengoan emakumezkoen giza-proba dago iragarria, 400 kiloko harria tiratzen. Euriak ez badu plazako giroa zapuzten, aurten ere arrakastatsu izateko bidean dago Leitzako Talo Eguna.