Guardia Zibila beste hamar urtez Leitzako Maxurrenean egonen dela esan du Barne Ministroak

Ttipi-Ttapa 2013ko irailaren 10a

Ekainaren 8an 300 lagun bildu ziren Leitzan Maxurrenea herrintzat izatea eskatuz.

Urriaren 1ean bukatuko da duela hamar urte egindako kontratua eta berriz berrituko dute

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa Guardia Zibilaren Leitzako kuartelean izan da bisitan, eta Maxurreneko alokairua beste hamar urterako berrituko dutela adierazi du. Gogoratu, bere garaian, jabeek ongintza eta hezkuntzarako utzi zutela eraikina eta herritarrek berreskuratzeko mobilizazio jendetsuak egin dituztela azken hilabeteetan. Atzo bertan ere manifestazioa egin zuten. Nafarroako Parlamentuan ere babesa jaso izan du herritarren eskaerak. Maxurrenea Herrintzat plataformarentzat «jakitekoa zen Barne Ministroaren bisitak gauza onik ez zuela ekarriko» eta «herriaren nahiaren alde lanean jarraituko dugula» berretsi du.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa Guardia Zibilaren Leitzako kuartelean izan zen astelehen arratsaldean. Orduan jakinarazi zuen Guardia Zibila beste hamar urtez Maxurrenea eraikinean egonen dela. Urriaren 1ean bukatuko da duela hamar urte egindako kontratua, eta egun hori ailegatzean berriz berrituko dute beste hamar urterako.

Bere garaian, jabeek ongintza eta hezkuntzarako utzi zuten Maxurrenea eraikina eta leitzarrek berreskuratzeko sinadura bilketak eta mobilizazio jendetsuak egin dituzte azken hilabeteetan. Atzo bertan ere manifestazioa egin zuten herritarrek. Eskaera Nafarroako Parlamentura ere ailegatu zen, eta alderdi gehienen babesa jaso zuten.

Atzoko bisitan, ordea, Barne Ministroak adierazi zuenez, «Guardia Zibila Leitzan egonen da batzuei atsegin ez bazaie ere». Gaineratu zuen, estatuak «lanean jarraituko duela ETA desagertu arte, onean edo txarrean».

Maxurrenea Herrintzat plataformaren balorazioa

«Jakitekoa zen Barne Ministroaren bisitak gauza onik ez zuela ekarriko» dio  plataformak gaur plazaratu duen prentsa-oharrak, Nafarroako Gobernuaren jokabidea salatu bidenabar. «Berriro ere Nafarroako Gobernuak leitzarren nahia ez du errespetatu, isilpean eta herritarrei bizkar emanez beste hamar urtez luzatu baitu Espainikako Barne Ministerioarekin duen kontratua». Kontuan hartu behar da ekain hondarrean Nafarroako Parlamentuan aztertu zela gaia, eta haren gehiengoak emandako «mandatuari ere entzungor» egin izana salatu du Maxurrenea Herrintzat plataformak. «Leitzarron nahia ordezkatzen dugun plataforma gisa, Maxurrenea Herrintzat Ekimenak bilera eskatu genuen Nafarroako Gobernuko arduradunekin, parlamentuaren babesa berme gisa izanik, plataformak bildutako sinadurak aurkeztu eta herritarren eskaera zuzenean beraiei helarazteko. Oraindik erantzunaren zain geundela etorri da Espainiako Barne Ministroaren adierazpena. (…) Horren aurrean, herriaren nahiaren alde lanean jarraituko dugula berresten dugu» dio Muxurrenea Herrintzat plataformak bere balorazioan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun