Iberoko dorrean lanean hasi dira Larrate enpresa, Iñaki Sagredo eta bere lantaldea. Cederna Garalurren laguntza du proiektuak. Iberoko dorrea garbitu eta prestatzea da asmoa eta ondoren, indusketa arkeologikoak egitekoa. Honetaz gain, inguruak ere berreskuratuko dira hainbat fasetan. Ola-zaharrak, karobiak, bordak, baserriak eta zubiak osatzen dute Iberoko eraikin multzoa.
Orain garbitze lanak eginen dira, dorrea barrutik hustu, egur zaharrak eta eroritako harriak erretiratu eta segurtasun aldetik ongi jarri. Behin hori eginda, irailaren erdialdera, indusketa arkeologikoak eginen dituzte. Ola zaharrean pilatuta dauden lohiak ere aterako dira eta indusketak eginen dituzte bertan. Lanak herriko jendeari irekiak izanen dira, auzolanak antolatuz horretarako. Parte hartu nahi duenak izena eman dezake udaletxean.
Erdi Aroko eraikin hauen berreskurapenekin batera, bertako bizimodua nolakoa zen ikasteko aukera bikaina izanen da. Aurrerago, eskoletako umeei inguru hori zer den erakusteko asmoak ere dituzte.