Asteazken honetan, abuztuak 28, San Agustin bere zaindariaren eguna ospatuko dute Artikutzan. Gure eskualdeko jende aunitzentzat, Goizueta, Arantza eta Lesakakoentzat adibidez, hutsik egiten ez duten hitzordua izaten da. Hortaz, jendetza biltzea espero da aurten ere.
Beti bezala, egun osoko egitaraua antolatu dute. 11:00etan meza izanen da eta ondotik hainbat pilota-partida jokatuko dituzte Oiartzun eta Goizuetako eskoletako pilotariek. 16:00etan haurrentzat karaokea izanen da eta 18:30ean herri kirolak izanen dira ikusgai. 20:00etatik aitzinera, dantzaldia izanen da plazan. Ekitaldi horiez gain, artisauen lanak eta bertze hainbat produktu dastatzeko aukera ere izanen dute bisitariek. Bi ostatu ere zabalduko dituzte.
Egun hau izaten da Artikutzak autoentzako ateak irekitzen dituen urteko egun bakarra.