Abuztuaren 4an, igandearekin, Umeen Eguna ospatu zuten Leitzan. Larunbatean, berriz, pestetako programa biltzen duen Plazaola aldizkaria banatu zuten etxez etxe, Santiburtzioak hurbil direnaren seinale. Abuztuaren 10ean, larunbat arratsaldean botako da txupinazoa.
Igandean, goizeko deianaren ondotik, korporazio txikiak udal ordezkariekin gosaldu eta txupinazoa bota zuten udaletxeko balkoitik. Lehen Hezkuntzako seigarren maila egin duten neska-mutikoen artean aukeratzen dute txikien korporazioa. Aurten Anart Ramallo izan da alkate, Eneko Feo alkateorde eta Elene Perurena hirugarren alkate. Beraiekin batera Egoitz Sanchez, Miren Garro eta Luken Kasares izan dira zinegotzi eta Oier Altzelai, Xabat Illarregi eta Alai Arozena bertsolariak eta Aritz Campos, Diego Biurrarena, Jenifer Vicente, Ainhitze Zestau, Aroa Zubiri, Arai Gonçalvez, Aloña Zabaleta, Joanes Fernandez, Jokin Zubitur, Asier Barriola, Asier Juanenea eta Joseba Eskudero izan dituzte lagun udaletxean, baita Oier Eizmendi alkate “haundia” eta Onintza Bengoetxea, Josune Marzol eta Andone Salbarredi zinegotziak ere.
Pilota partidak jokatu ziren plazan eta puzgarrietan eta betiko jokoetan aritzeko aukera ere izan zen. Arratsaldeanm Aurrerako dantzari txikien saioa ikusgai izan zen plazan eta Ingurutxoa ere dantzatu zuten umeek. Gurpildun zezenen eta buruhandien aurrean korrika ibili eta gero, dantzaldia ere izan zuten.
Larunbatean, eskalariek Aurreran egin zuten bazkariaren ondotik, auzoz auzo Plazaola aldizkaria banatu zuten, trikitilari, txistulari, akordeoilari eta gaiteroen laguntzaz.