San Pedro jaien barruan, larunbat arratsaldean, pilota jaialdi berezia izan zen. Lehenik pilotaren historiari buruzko hitzaldia eskaini zuten udaletxeko aretoan; nondik heldu den pilota izena, zein garaitakoa den, zer forma zituen hasieran, lehenengo aztarnak, nongo zelaietan jokatzen zen... eta hori entzun eta gero Aresoko plazak zer nolako baliabideak dituen azaldu zuten.
Herriko plazak joku zuzenaren barnean hainbat modalidade jokatzeko aukerak ematen ditu: Plazan (belarrezkoa) eta frontoian laxoa nahiz errebotea egin daitezke, trinketean udaletxe azpian berriz, pasaka. Bote luze modalidadea mendian egiten zela esan zuten eta Areson ere mendi aproposen bat egongo dela horretarako.
Pilota jokuak egiteko, han bertan ikasi genuen hiru botarri daudela, bata ezker paretaren goiko aldean eta etzanda jarrita, beste biak Sastineko eskaileratan: bata, zaharrena, goian, pilotak gordetzeko txuloarekin, eta bigarrena eskailerako barandaren bukaeran. Azkenik bitxiena, askotan zapaldu eta gainean ibiltzen garena, plaza erdiko bi eskailera erdian dago lurrean jarrita, losa horretan tantoak kontatzen ziren, eta orain ere garbi ikus litezke zuloak.
Gero pasaka erakustaldia egin zuten, bai eskuz eta baita eskularruarekin ere. Gure ohiturak berreskuratzeko modua izan zen San Pedroetako jaialdi berezia. Pilotaren historiaz ikasi eta entzundakoa ikusteko aukera bikaina.