Urumea arnastu, ­lau herri bat eginda turismoari hatsa emateko asmoz

Eneritz IRAOLA 2013ko uzt. 11a, 11:29

Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizuetak eskaintza turistiko bateratua jarri dute bisitarien eskura

Urumeako goi-bailarari bizia eman eta beste eskaintza turistikoetatik bereizteko elkartu dira. Natura eta turismo aktiboa dira ardatz nagusiak eta herrietako kultura eta ohiturak ere ezagutarazi nahi dituzte. Lehenengo pausoak dira orain arte eman dituztenak eta zabaltzen segi nahi dute.«Urumea arnastuz, natura arnasteko» proposamena eginez.

Eneritz IRAOLA
Bisitariei atea bakarka ireki beharrean, bailara osoa ezagutzeko zubia eraiki dute. Ereñotzu, Hernani, Goizueta eta Aranoko udal ordezkariek ekainaren 15ean aurkeztu zuten Urumea arnastu proiektua. Bizi-biziki enpresak izan du proiektua kudeatzeko ardura eta bertako kide den Ekaitz Zubelzuk azaldu digu nondik nora sortu zen ideia, «2010. urtean Goizuetako natur turismoaren inguruko ikerketa batzuk egin genituen. Emaitzek agerian utzi zuten turismoa erakartzeko zerbait egin behar zela». Orduan kasualitatez, Ereñozu he­rri auzotik deia jaso zuten, «natur turismoaren inguruan zerbait egin nahi zutela esanez». Elkarlanean aritzeko proposamena egitea otu zitzaien orduan Bizi-biziki enpresakoei «proiek­tu bateratuak indar gehiago izango zuela uste genuelako» azaldu digu. Hernani eta Aranok ere bat egin zuten egitasmoarekin. Hasteko, hainbat euskarri jarri dituzte mar­txan «Urumea arnastu marka sortu dugu, eskuorriak prestatu ditugu informazio orokorrarekin, sare sozialetan gure tokia egin eta  www.urumeaarnastu.com webgunea sortu dugu».

WEBGUNEA
Sei atal nagusitan banatu dute interneteko orrialdea. Turismo aktiboarekin lotutakoak ikus daitezke lehenengo: mendi ibilbideak, piraguismoa, BTT ibilaldiak, arrantza, eskadala... Familia, zein lagun artean egiteko ekintza ugari proposa­tzen dira. In­guruak eskaintzen dituen baliabide naturalek ere badute lekua: Artikutza, Aiako harria, monumentu megalitikoak... Horretaz gain, turismo kulturala egiteko eta herrien inguruko informazio orokorra jaso­tzeko aukera ere badago. Argazkiak ikusi eta bidaia prestatzeko bitartekoak ere eskain­tzen dituzte (non lo egin, non jan...).  Beste bi atal ere badaude, bisitariei eskaintza berezia egiteko asmoz: Esperien­tziak eta kirol probak.
 
ESPERIENTZIAK
Eztigileen lana gertutik ezagutu, Goizuetako eraikin historikoetatik barna bisita gidatuak egin, Urumea errekan piraguan ibili, mendi irteera gidatuak egin edo Hernaniko kaleak ezagutu. Horiexek dira, eskaintzen diren esperien­tzia bereziak. Urte guztian zehar eskuragarri daude eta prezioa, ordutegiak...kontsultatu litezke. Horietaz gain, urtaroan urtaroko esperientziak ere antola­tzen dituzte, esate baterako Aranon baserriarekin lotura dutenak.

KIROL PROBAK
Asko dira aspalditik ingu­rune honetan egiten diren lasterketa eta ibilaldiak. Etorkizunean gehiago ere, bultzatu beharko liratekeela uste du Ekaitz Zubelzuk, «halako jarduerek  herri ttikiei onurak ekartzen dizkietelako, munduko plaza horretara atera eta he­rria ezagutarazteko bide egokia dira».

ETORKIZUNA
Aurrera begira, pakete moduko eskaintzak egingo dituzte elkarrekin eta pixkanaka itsaso alderagoko eta Nafarroa barruragoko he­rrietara zabaltzea ez dute baztertzen, «behin eta berriz sortuz, bidea egiten segi behar dugu. Herri ttikien eta bailararen mesedetan delako egiten den guztia».

ESKAINTZA
«Elkarren arrimoan errazagoa da herri ttikiek pausoa ematea. Gainera, lortutako emaitzak indar gehiago izango du, eskain­tza hobea emateko aukera izango
dugulako»

Pili APEZETXEA
Goizuetako zinegotzia

ATERABIDEA
«Turismoa erakartzeko beharrari erantzun eta herri hauek eskaintzeko dituzten baliabideei aterabidea ematen zaie modu jasangarri batean»

Ekaitz ZUBELTZU
Bizi-biziki elkarteko kidea

 

ESKAINTZA ZABALA
«Bata bisitatu, bestean lo egin edo bazkaldu... Lau herriak batera aurkeztuz, bisitariari mila aukera sortzen zaizkio, bestela bururatuko ez litzaizkiokeenak».

Maider ANSA
Aranoko zinegotzia

MAIDER ANSA, ARANOKO UDALEKO ZINEGOTZIA

«Bultzada txiki batez gauza haundiak lor ditzakegula uste dugu»

«Gure herriak zeharkatzen dituen erreka aitzakia­tzat harturik, lau herriok dugun lotura aprobetxatu dugu» azaldu digu, «beti ere konpainian gauza ederragoak eta baliotsuagoak egiten dira». Gaineratzen du, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugak «ez digu inoiz mugarik jarri, baina uste dugu puntu horrek ere indarra» ematen diola proiektuari. Aranori «ikuspegi turistikoagoa ematea» izan dela lehenengo helburua aitortu digu, «ez dugu behin ere turismo aldetik saiakerarik egin jendea erakartzeko eta ikusi dugunez jendeak badu Aranorako joera». Dio proiektuan parte hartu duten he­rri guztiek dutela «zer irabazia». Izan ere, «Hernanira bisita egiten duen familia batek, beharbada nahiago du Arano edo Goizuetako lasaitasunean pasa gaua. Edo Ereñotzun piraguan ibili goiz partean eta Aranon bazkaldu eta arratsaldean Goizueta ezagutu». Au­rrerantzean «inguruan bizitzeko esperientziak proposatu eta antolatzen ari gara» esan digu. Etorkizunaz baikor hitz egiten du «inguruko he­rriekin harreman onak bultzatuz eta elkarrekintzan gauzak ongi baino ezin dira joan».

PILI APEZETXEA, GOIZUETAKO UDALEKO ZINEGOTZIA

«Elkarlanean arituta bestela ezkutuan ­gelditzen ziren baliabide natural eta kulturalak jendaurrera atera ditugu»

«Proposamena gustatu zitzaigunez, aurrera egitea erabaki genuen» aipatu digu Pili Apezetxea Goizuetako udaleko zinegotziak. «Jendea eraka­rri eta bertan bizi garenok ere gure txokoak ezagutzeko bidea» gisa honetako ekimenekin zabal­tzen dela uste du, «ez baita urrutira joan beharrik, txoko ederrak ikusi eta ongi pasatzeko».  Bailarak zuen «hu­tsune bat betetzeko» modua dela dio, «orain arte jendeak galdetzen zuenean Urumea aldean zer zegoen ikusteko ez zuen erantzunik jasotzen». Ho­rretaz gain, «Nafarroa eta Gipuzkoa arteko muga instituzional hori ere puskatzen» dela gaineratzen du, «bidea zabaltzen da alde horretatik, instituzionalki deus ez dagoen arren, betidanik izan baitugu harreman hurbila inguruko herriekin». «Naturarekin harreman zuzena duen bailara» dela azpimarratu behar dela iruditzen zaio «mendia, errekak... egun pasak egiteko aukera ederra ematen dute». Duten guztia jarri dute bisitarien eskura eta orain, «jendeak erantzuten duen» ikusi beharko da «turismo arloan aurrera egiteko».

URUMEAKO GOI-BAILARAN MILAKA AUKERA

Turismo aktiboan oinarritzen dira: piragua ikastaroak, mendi ibilaldiak, herrietako ohiturak, herrietako ondarea ezagutzeko bisita gidatuak... jarri dituzte aukeran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun