Bai Euskarari Ziurtagiriak Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko ziurtagiridunak saritu ditu

Ttipi-Ttapa 2013ko uzt. 2a, 10:39
Bai Euskarari Ziurtagiriak aurten saritu dituenak, tartean Juan Mari Barriola Leitzako Kultur Taldekoa eta Juan Inazio Loiarte Goizuetako Umore Ona Elkartekoa. Bai Euskarari Ziurtagirien Elkartea

Lau herrietako ostalari, merkatari, elkarte nahiz enpresen ahalegina eredugarria dela adierazi du Bai Euskarari Ziurtagirien Elkarteak

Kolektibo batek jaso duen lehenengo saria izan da eta lau herrietako ostalari, merkatari, elkarte nahiz enpresen ahalegina eredugarria dela adierazi du Bai Euskarari Ziurtagirien Elkarteak.

Bai Euskarari Ziurtagirien Elkarteak urteroko ekitaldi nagusia egin zuen joan den ortziralean Durangon eta arlo sozioekonomikoan euskararen normalizazioaren alde egiten duten Ziurtagiridunen lana aitortu zuen.

Bai Euskarari Ziurtagiriak, alde batetik, Anaje Narbaiza eta Vusa Eraikuntzak saritu ditu aurten, eta beste saria Leitza, Goizueta, Areso eta Aranora etorri da. Azken hauek Arritxu Zelaia Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko lehendakariaren eskutik jaso zuten saria. Kolektibo batek jaso duen lehenengo saria izan da. Zelaiak ekitaldian azaldu zuenez, «bertako ostalari, merkatari, elkartek nahiz enpresek Bai Euskarari egitasmoarekin eta lan mundua euskalduntzeko helburuarekin erakutsitako konpromisoaz gain, lan jardunean euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko helburua berresten dute urtez urte. Beren ahalegina eredugarria da beste zonalde batzuetakoentzat eta egiten duten traktore lanak ez du preziorik».

Saria Leitzako Kultur Taldeko Juan Mari Barriolak eta Goizuetako Umore Ona Elkarteko Juan Inazio Loiartek jaso zuten, gainontzeko ziurtagiridun guztien izenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun