Urumea arnastu proiektuan bat egin dute lau herrik

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 28a

Ekainaren 14an egin zen Ereñotzun ‘Urumea arnastu’ proiektuaren aurkezpena. Hernaniko kronika

Bailara osoko eskaintza turistikoa zabaltzeko helburuarekin

Turismoa bultzatzeko proiektu bat jarri dute martxan Goizueta, Arano, Hernani eta Ereñotzuko herriek: Uru­mea arnastu. «Helburua da, herri mugak gainditu eta bailara osoko eskaintza turistikoa zabaltzea. Herri txikiak elkarlanean arituta, aukera gehiago dugu zen­tzu honetan ere garatzeko», azaldu zuten ekainaren 14an udal horietako alkate eta ordezkariek, Ereñotzun egindako proiektuaren aurkezpenean. Goizuetatik Pablo Miranda alkatea eta Pili Apezetxea eta Izaskun Bakero zinegotziak izan ziren aurkezpenean eta Aranotik Joxean Ruiz zinego­tzia.
 
Nafarroa eta Gipuzkoak bat egiten duten inguru naturalean kokatzen da proiektua, hau da, Urumeako goi bailaran eta natur turismo eta turismo aktiboarekin erlazionatutako ekintzak izango dira eskaintzaren ardatz nagusia: inguruko mendiak, parke naturalak, kirolak... «bizia emango dio bailarari eta beste bailaretako eskaintzetatik desberdinduko gaitu», azaldu zuten. Horrez gain, gastronomia, kultura, ondare historikoa... ere landuko dira. Aurre­ra begira, pakete moduko eskaintzak ere egingo dituzte elkarrekin.
 
Proiektuaren hasieran besterik ez daudela azpimarratu zuten udal ordezkariek eta lanean jarraitzeko asmoa azaldu. «Itsaso alderagoko eta Nafarroa ba­rru­ragoko herrietara zabaldu nahi dugu proiektua», azaldu zuten. 
 
WEBGUNEA
Proiektuaren hasierako fruitua izan da, hain­bat euskarri mar­txan jartzea. Marka sortu dute, eskuorriak prestatu dituzte informazio orokorrarekin (Turismo bulego eta informazio guneetan eskuragarri daude) eta webgune bat egin dute: www. urumeaarnastu.com. Webgunea 6 ataletan banatu dute: turismo aktiboa, natur inguruneak, turismo kulturala (jaiak, kirola, monumentuak...), ezagutu herriak, galeria eta prestatu zure bidaia (ostatuak, jatetxeak, aterpeak...). horrez gain, beste bi atal daude: esperientziak eta kirol probak. Agenda ere eskuragarri dago eta sare sozialekin lotuta, facebook­a egin dute. Euskarri ho­riek denak Bizibizikik egin ditu.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun