Hamar urte pasatu dira Leitzako Maxurrenea etxea Guardia Zibilaren kuartel bihurtu zenetik, Nafarroako Gobernuak Espainiako Barne Ministerioari errentan emana diolako. Baina bere garaian, jabeek ongintza eta hezkuntzarako utzi zuten eraikina eta herritarrek berreskuratu egin nahi dute. Nafarroako Parlamentura ere ailegatu da eskaera eta gaur, ekainak 27, mozioa aztertu eta bozkatuko dute. Ikasturteko azken plenoa izanen da eta hainbat leitzarrek entzule modura egoteko aukera izanen dute.
Maxurrenea Herrintzat Plataformako kideek Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin egoteko aukera izan dute lehen ere eta PPNk izan ezik, talde guztiek hartu dituzte. Leitzak dituen kultur eta ongintza beharrak eta azpiegitura falta helarazi izan dizkiete eta horrekin batera Maxurrenea etxea beharrezkoak diren zerbitzu horiek kokatzeko egoki ikusten dutela aipatu. Izan ere, Amazabal Patronatuak Nafarroako Gobernuari Maxurrenearen donazioa egiterako orduan, etxearen erabilpenerako baldintzak jarri zituen, hezkuntza eta ongitzarako izan zedin eskatuz. Horregatik guztiagatik, eskaera babestu eta Nafarroako Gobernuari Espainiako Ministerioarekin Guardia Zibilen kuartela Maxurrenean kokatzeko sinaturik duen kontratua bertan behera uzteko eskatu dute. Bileren erantzuna «oso positiboa» izan dela adierazi izan dute plataformatik.
Bestalde, azken hilabeteetan sinadurak biltzen aritu da Plataforma eta horiek laster helaraziko dizkiete Nafarroako Gobernuari. Udalak Maxurrenean zein zerbitzu kokatu herritarrekin diseinatzeko zabaldutako partehartze prozesuaren emaitzak, berriz, uztailaren 2an aurkeztuko dituzte, 20:00etan.
Ikusi hemen Markel Azkargorta Maxurrenea Herrintzat Plataformako kideari TTIPI-TTAPAn egindako elkarrizketa.