Hamar urte pasatu dira Leitzako Maxurrenea etxea Guardia Zibilaren kuartel bihurtu zenetik. Baina bere garaian, jabeek ongintza eta hezkuntzarako utzi zuten eraikina eta herritarrek berreskuratu egin nahi dute. Mobilizazio jendetsuak egin dira; ekainaren 8ko manifestazioan, adibidez, 300 lagun bildu ziren. Parlamentura ere ailegatu da eskaera eta ostegunean mozioa aztertuko dute. Udalak Maxurrenean zein zerbitzu kokatu herritarrekin diseinatzeko zabaldutako partehartze prozesuaren emaitzak uztailaren 2an aurkeztuko dituzte.
Zein da Maxurrenearen historia?
1975. urtean Jose Perurena eta Victoria Larrat-ek Amazabal Patronatuari utzitako etxea da, baina erabilerari dagokionez donazio baldintzatua izan zen, etxearen jabeek Maxurrenea etxea hezkuntza edota ongintzarako erabili beharko zela eskatu baitzuten. 1978an Patronatuak Nafarroako Gobernuari eman zion etxea, azken honek ongintza eta hezkuntzako helburuekin erabil zezan. Urte askoan, mojek zaindutako nesken erresidentzia bat egon zen bertan, baina hauek joatean etxea hutsik geratu zen, eta erabilerarik gabe egon zen urte luzez. Hori ikusita, 1998an Udalak etxea eskuratzeko eskaera egin zion Nafarroako Gobernuari zaharren egoitza egiteko, baina honek irakasleek euskara ikasteko barnetegi bat egiteko asmoa omen zuen. Udalak urte luzetan hainbat gestio egin zituen, baita garai horietan Gobernuan ardurak zituzten ordezkarien oniritziko proiektuak aurkeztu ere. Horrela 2002. urtera arte. Urte hartako otsailean Nafarroako Gobernuak Maxurrenea Espainiako Barne Ministerioari alokatzea erabaki zuen, Atekabeltzen zegoen kuartela utzi eta Guardia Zibila Maxurrenean kokatzeko. Garai hartan ere mobilizazio ugari egin ziren Gobernuaren erabakia atzera bota eta etxea herriaren esku uzteko.
Hamar urte pasatu dira Maxurrenea Guardia Zibilaren kuartel bihurtu zenetik. Nola joan da prozesua geroztik?
Udalak behin baino gehiagotan eskatu dio Gobernuari kontratua eteteko. Baina hauen erantzuna beti izan da 15 urterako eginda zegoela. Hala ere, badakigu 10 urtera Nafarroako Gobernuak nahiko balu kontratua bertan behera utz daitekeela. 10 urte horiek urrian beteko dira eta plataformak horregatik ekin dio berriz aldarrikapenari. Gobernuak hala nahiko balu, leitzarrok Maxurrenea eskuratu eta herriko beharretarako erabili ahalko genuke.
Nafarroako Gobernuarena da etxea. Zein da bere jarrera?
Ondarearen arduradunari bilera eskatu diogun arren, ez dugu Gobernuarekin biltzeko aukerarik izan. Harrituko gintuzke talde parlamentarioek beraiekin egindako lan-saioan azaldutako jarrera ikusi eta Maxurrenea leitzarrei itzultzeko eskaera zilegitzat jotzen dutela adierazita, Gobernuak horri entzungor egin eta beste behin ere leitzarrei bizkar emanez Espainiako Ministerioarekin duen kontratua ez eteteak.
Parlamentuan bilerak ere egin dituzue. Zer erantzun jaso duzue?
Erantzuna oso positiboa izan da. Talde guztiek hartu gintuzten PPNk izan ezik. Beraiekin biltzearen helburuetako bat Leitzak dituen kultur eta ongintza beharrak eta azpiegitura falta helaraztea izan zen. Horrekin batera Maxurrenea etxea beharrezkoak diren zerbitzu horiek kokatzeko egoki ikusten dugula aipatu genien. Eta ezin dugu ahaztu Amazabal Patronatuak Nafarroako Gobernuari Maxurrenearen donazioa egiterako orduan, etxearen erabilpenerako baldintzak jarri zituela. Horregatik guztiagatik, gure eskaera babestu eta Nafarroako Gobernuari Espainiako MInisterioarekin Guardia Zibilen kuartela Maxurrenean kokatzeko sinaturik duen kontratua bertan behera uzteko eskatzea galdegin genien.
Parlamentuan ekainaren 27an aztertuko dute mozioa, ezta?
Bai, hori da. Ikasturteko azken plenoa izango da, gainera. Hainbat gonbidapen lortu ditugu pleno horretan ikusle gisa egoteko eta gure asmoa herriko eragileen artean banatzea da. Plenoan herriko ordezkaritza zabala egotea nahiko genuke.
Zein aukera ikusten dituzue etxea berreskuratzeko?
Aurreko aldietan bezala, Gobernuaren borondate politikoaren araberako kontua izango da. Alderdien aldetik babesa badugu eta espero dugu Parlamentuan landuko den mozioa aurrera ateratzea. Hala ere, Gobernuak gero Parlamentuaren mandatuari kasu egin behat dio eta hori ikusteko dago. Beraiekin bilerarik ez eman izanak, gauzak isilpean eta leitzarron bizkar egin nahi dituztela sumatzera garamatza. Ikusi behar zein jokabide hartzen duten.
-Sinadura bilketa nola doa?
Sinadurak nahiko martxa onean doaz, 900dik gora bildu ditugu. Uste dugu norbanakoek aldarrikapenari atxikimendua emateko bide egokiak jarri ditugula. Laster azkenak biltzea espero dugu Nafarroako Gobernuari ekain bukaeran bidaltzeko. Oraindik sinatu ez duenak, beraz, aukera badu oraindik herriko denda eta tabernetan. Sinatzera joatera animatzen ditugu.
Maxurrenea herriarentzat izateko hainbatetan eskatu duzue. Zein izaten ari da herritarren erantzuna?
Egindako deialdietan herritarren partehartzea izugarria izan da. Kanpainari hasiera emateko prentsaurrekoan herritar ugari bildu ginen eta Parlamentuko lan-saioaren ondoren deitutako kontzentrazioan oraindik gehiago, 175 herritar. Ekainaren 8ko manifestazioan bildutako lagun kopuruarekin ere oso pozik gaude, 300 lagun elkartu baikinen eguraldi traketsari aurre eginez. Eskerrak ema nahiko genituzke. Hala ere, argi dugu Maxurrenea itzultzeko eskaera ez dela plataforma osatzen dugunona. Azken finean, guk herriaren nahia bideratzeko ardura hartu dugu, besterik ez.
Udalak partehartze prozesua zabaldu du Maxurrenean zein zerbitzu kokatu herritarrekin diseinatzeko. Uztailaren 2an aurkeztuko dituzte emaitzak.
Aurkezpen bileran 20 lagunek hartu genuen parte. Oso interesgarria izan zen, hainbat iritzi baziren etxearen erabilpenaren inguruan, baina horren guztiaren gainetik Maxurrenean inguruko kezka gailentzen dela uste dugu. Bestalde, astebetez Udalak bere zirriborroa erakusgai jarri zuen eta ekarpenak jasotzeko tartea ireki. Nik dakidala 60 ekarpen edo iritzi jaso dira, baina emaitzen berri ez dugu oraindik. Izan ere Udala jasotako iritzi guztiekin txostena osatzen ari da. Aurkezpenera itxaron beharko dugu. Dena den, plataforma moduan guk ez dugu nahi izan Maxurrenea proiektu edo erabilpen zehatz batekin lotu. Argi dugu etxea herriari utzi zitzaiola ongintza-hezkuntza erabilpenerako. Gure ustez, herriari erabilpen hori zehazteko aukera ematea hoberenea izan da. Inguruan, hala ere, askok kultura erabilera emango liokeela esan digute.
Hemendik aitzinera zer?
Epe motzean sinaduren kanpainarekin amaitu eta Nafarroako Gobernuari leitzarren eskaera bidaltzea dugu eskuartean. Gero, hor dago ekainaren 27ko plenoa. Ikusi beharko dugu bai plenoan zer gertatzen den, baita Nafarroako Gobernuak zer erabakitzen duen ere. Gauza bat da plenoak erabakitzen duena eta beste bat Gobernuak Parlamentuak agindutakoa betetzeko duen borondatea. Herri babesa badugu eta babes politikoa ere bai. Gogoratu behar dugu Parlamentuko saioan PPN izan ezik gainontzeko talde guztien babesa jaso genuela. Kontrako erabakiek asko harrituko gintuzke. Argi daukaguna da leitzarron borondatea zein den aldarrikatzen jarraituko dugula eta horretarako formula desberdinak bilatuko ditugula Maxurrenea Leitzari itzuli arte.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Berriz ere herritarrei eskerrak ematea eta hemendik aurrera burutuko ditugun ekimen guztietan parte hartzera animatu nahi ditugu, Nafarroako Gobernuak entzutea nahi badugu herriak mobilizatu behar du, herritarren partehartzea ezinbestekoa da proposatzen diren ekimen desberdinetan. Etxea berreskuratzeko aukerak badaude, baina horretarako herriak ozen adierazi behar du bere nahia: Maxurrenea herriari itzultzea, hau herriaren beharrei erantzuteko erabilia izan dadin.