Aste honetan amaiera eman nahi zion Leitzako Maxurrenea Herrintzat Plataformak sinadura bilketa kanpainari, baina taberna eta denda desberdinetan utzitako orriak biltzeari ekin diotenean zur eta lur geratu gara hainbatetan orriak falta direla ohartu direnean.
Badirudi azken egunetan taberna eta dendetan Maxurrenea Herriari itzultzeko sinadurak zituzten orriak lapurtzen aritu direla. Ezin izan dute jakin sinadura kopuru zehatza baina 80-100 artean izan daitezkeela uste dute.
Nahikoa da, herri borondatea errespetatu
Sinaduren lapurretari aurreko asteko erasoa gehitzen badiogu denbora gutxian bi eraso egin diote plataformaren lanari.
Beste hainbat eragileenak bezala, Maxurrenea Herrintzat plataformak etxea herriari itzul diezaioten eskatuz eskegi ziren pankartak txikituta azaldu ziren aurreko astean.
Herri-plataformaren aurkako boikot eta saboitai hauek salatu nahi izan dituzte. «Gainera uste dugu leitzarren borondatearen aurkako erasoak direla, bai pankartak apurtu izan zein sinadurak lapurtzea. Aski da! Eta horrelako ekintzak burutzen dituztenei gonbidapena egiten diegu beraien aldarrikapenak aurpegia emanez egin dezaten, gainontzekoena zapaldu gabe eta, eskatzen diegu besteok leitzarren nahiei bide ematen egiten dugun lana oztopa ez dezaten» dio Plataformak.
Galdetu eta berriz sinatzeko eskaera
Bestalde, leitzarrei eskaera sinatu zuten denda edo tabernan galdetu eta beharrezkoa balitz eskaera berriz sinatzea eskatzen diete. Oraindik egun batzuk geratzen dira eta epea luzatuko dute beharrezkoa balitz, «ez dugulako nahi sinatu zuten herritarren sinadurarik gabe geratzea».