Hamar urte pasatu dira Leitzako Maxurrenea etxea Guardia Zibilaren kuartel bihurtu zenetik, Nafarroako Gobernuak Espainiako Ministerioari alokatu baitzion. Baina bere garaian, etxearen jabeek ongintza eta hezkuntzarako utzi zuten Maxurrenea eta orain herritarrek etxea berreskuratu egin nahi dute. Mobilizazio jendetsuak egiten ari dira eta larunbat honetan ere manifestazioa eginen dute, 12:00etan plazatik abiatuta. Leitzarren borondatea errespetatzeko eskatuko diote Nafarroako Gobernuari eta beraz, Espainiar Gobernuarekin duen kontratua bertan behera uzteko exijitu. Larunbat honetako manifestazioa «ikasturte osoko egun garrantzitsuena» izanen dela adierazi dute Maxurrenea Herrintzat plataformatik, eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Bestalde, Leitzako Udalak Maxurrenea eraikinean zein zerbitzu kokatu herritarrekin diseinatzeko partehartze prozesua irekia du aste honetan. Xehetasun gehiago hemen.