Maxurrenea eraikinean zein zerbitzu kokatu herritarrekin diseinatzeko partehartze prozesua ireki du Leitzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2013ko ekainaren 4a

Hainbat mobilizazio egin dituzte Leitzan, Maxurrenea herriarentzat izan dadin eskatzeko.

Udalak hainbat kultur-ekipamendu kokatzeko proiektua landu du eta aste honetan ikusgai dago udaletxeko karrapean

Maxurrenea etxean hainbat kultur-ekipamendu kokatzeko proiektua landu du Leitzako Udalak eta erakusgai paratu du udaletxeko karrapean. Ostiralera bitarte egonen da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara. Baina Udalak herritarren iritzi eta ideiak jaso nahi ditu eta horretarako erakusketa lekuan eta udaletxean kutxak paratu ditu prozesu honetarako bereziki prestatutako txartela bete eta hor uzteko aukera emanez. Gisa berean, lehitzahartu@leitza.net helbidera ere idatzi ahalko dute herritarrek. Bestalde, Maxurrenea Herrintzat plataformak deituta, larunbat honetan, manifestazioa eginen da.

Leitzako Udalak Maxurrenea etxean hainbat kultur-ekipamendu kokatzeko proiektua landu du; liburutegia, ludoteka edota musika eskola dira Udalak eraikin horretan kokatzea egoki ikusten dituen zerbitzuetako batzuk. Bestalde, eraikinaren kanpoaldean dauden ia 1.400 metro koadroko lursailetan hirugarren adinekoentzako eta haurrentzako parke bat egiteko proiektua dauka, besteak beste.

Hala ere, Udalak herritarren iritzi eta ideiak jaso nahi ditu. Ohar bidez jakinarazi duenez, «leitzarrekin batera Maxurrenea etxeak etorkizunean izanen duen erabilpena diseinatu nahi du». Eta horretarako partehartze prozesua paratu du martxan.

Leitzako etxe guztietara proiektua eta prozesuaren gaineko informazioa bidalita, aste honetan proiektua erakusgai jarri du udaletxeko karrapean. Ostiralera bitarte ikusgai egonen da, 18:00etatik 20:00etara. Gisa berean, aste honetan leitzarren iritziak jasotzen ari dira, udaletxean zein erakusketa lekuan dauden kutxetan prozesu honetarako bereziki prestatutako txartelak uzteko aukera emanez. lehitzahartu@leitza.net helbidera idatzita ere herritarrek beraien iritziak emateko aukera  dute.

Behin jendearen iritzi, ideia eta kezkak jasotzeko epea bukatuta, Udalak denak memoria batean biltzeko asmoa du eta hori ekainaren 21era bitarte eginen du. «Ideia horiek guztiak tekniko zein ekonomikoki aztertu ondoren, behin-betiko proiektua idatzi eta aurkezpen bat eginez –ekainaren 27an eta 28an– eta Udalaren web orrian zintzilikatuz jendearen eskura jarriko dituela» jakinarazi du Udalak. Prozesuan leitzarrek diseinatutako proiektua Nafarroako Gobernuari bidaliko zaio, Udalak argitu duenez, «Espainiako Gobernuarekin Guardia Zibilaren kuartela Maxurrenean kokatzeko duen kontratua bertan behera uzteko eskaera berretsiz eta leitzarren beharrak betetzeko etxearen egokitasuna azalduz».

Manifestazioa larunbatean

Maxurrenea Herrintzat plataformak deituta, larunbat honetan, manifestazioa eginen da, Leitzako plazatik abiatuta. 12:00etan hasiko da eta Maxurrenea leitzarrena dela aldarrikatzeko izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun