Emakumeak busti egiten dira proiektua martxan jarriko da Leitzaldean

TTIPI-TTAPA 2013ko eka. 4a, 11:09

Ekainaren 5ean eginen da lehenbiziko saioa Leitzako udaletxean

CRANA Fundazioak Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin lankidetzan, “Emakumeak busti egiten dira” proiektua jarri nahi du martxan eskualdean.

CRANA Fundazioak Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin lankidetzan, “Emakumeak busti egiten dira” proiektua jarri nahi du martxan eskualdean.

Horren bitartez, eskualdeko emakumezkoak eta ibaia lotzen dituen proiektu erakargarria aurkeztu dute. 2010. urteaz geroztik CRANA fundazioak “Emakumeak busti egiten dira” proiektua egin izan du Nafarroako hainbat herri eta eskualdetan, eta bertan ibaian eta inguruan emakumezkoek izan duten presentzia ikustaraztea izan da helburua.

Aurten Leitzaldean eginen dute, eskualdeko emakumezkoak ibaiarekin edo uraren kudeaketarekin izan duen harremanean eta horren inguruan sortu izan diren lanak, esperientziak, bizipenak ezagutzeko, elkarrekin partekatzeko eta ikustarazteko.

Proiektua gauzatzeko lau tailer egingo dira, eta landutakoa 2014. urteko egutegi batean plazaratuko da urte bukaeran (500 ale), doan banatuko dena.

 

Ekainaren 5ean hasita lau tailer

Ekainaren 5ean, asteazken arratsaldeko 6etan Leitzako udaletxean eginen den lehenengo tailerrean genero harremanak eta horrek uraren kudeaketarekin duen harremana landuko da, eta aldi berean egutegiaren eraketa prozesuarekin hasiko dira.

Bigarren tailerra idazkeraren ingurukoa izango da, eta bertan partaideek egutegian azalduko diren idatziak landuko dituzte.

Hirugarren tailerrean, argazkiak eta hainbat testu landuko dira eta zirriborro bat prestatuko da, ondoren maketatuko dena.

Laugarren tailerrean, hirugarrenean landutakoa aurkeztuko da. Bai testuak eta baita argazkiak ere partaideen esku egongo dira.

Tailerretan interesa duten 15 urtetik gorako emakumeek parte hartu dezakete.

Aipatu bezala, lehenengo tailerra ekainaren 5ean, asteazkena, arratsaldeko 6etan eginen da, Leitzako udaletxean. Ondorengoak taldearen arabera zehaztuko dira, bai datak eta baita ordutegiak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun