Euskal Herria Mendi Erronka Mendi lasterketa lehen aldiz eginen da Leitzan, ekainaren 1ean ESAITek (Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea) antolatuta. Leitzan hasi eta bukatuko den lasterketak 65 kilometroko luzera izango du, eta 7.000 metroko gainbehera. 07:00etan abiatuko dira laskerkariak, eta 13:00etarako aurreikusi dute hasiko direla iristen lehenengoak helmugara. Tartean, Guratz, Gorriti, Arribe, Gaintza, Hirumugarrieta (1.431 metro), Albi, Artxueta, Lekunberri, Etxarri, Ireber eta Kornieta igaro beharko dituzte.
Parte hartzaile kopuruari dagokionez, 500-540ko muga du probak, eta erraz gainditu du, dortsal guztiak jartzeko izena eman baitu jendeak.
ESAITetik azaldu dutenez, Euskal Herri osoko kirolariei eman zaie aukera parte hartzeko. Hala, txapelketa ezberdinak izango dira, banakakoa, KM bertikala edota taldekakoa, esaterako. «Guretzat garrantzitsua izan da kirolariek talde moduan parte hartzea, taldean emakume batek gutxienez egon behar baitu», adierazi du Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaileak.
Sariak maila guztietako txapeldunentzat banatuko dituzte. Txapela eta garaikurra jasoko dituzte, eta baita, Euskal Herriko txapelduna jartzen duen bereziki egindako kamiseta. Sariak Leitzako plazan 19:00ak aldera egingo den sari banaketan emango dituzte. Ekitaldi horretan, Donostian egin zen Europako Beteranoen Atletismo Txapelketan Euskal Herriko elastikoarekin atera zirenei omenaldia ere egingo diete.
Festa ostiralean hasiko da, orduan hasiko baitira dortsalen banaketarekin. Alex Txikonen bideo emanaldia ere eskainiko dute Leitzako zineman. Hurrengo egunerako, berriz, egun osoan izango dira ekitaldiak. Haurrentzat euskal jokoak eta puzgarriak egongo dira, txosna txiki bat ere jarriko dute jan-edana egiteko, eta materiala erosteko gunea ere izango da. Bazkaltzeko, 220 lagunentzat paella erraldoia egingo dute Leitzako plazan. Eta, behin proba bukatuta, eta sari banaketa ekitaldia eginda, festak jarraitzeko erromeria egingo dute.
Hurrengoak ere Leitzan
Lehenengo urteko harrera ikusita, eta guztia espero bezala joaten bada, datorren urtean bigarren Euskal Herria Mendi Erronka egingo litzateke eta hori ere Leitzak hartuko luke: «Leitza eta bere inguruko ikuspegiak hartu ditugu batetik kontuan, horrelako lasterketa bat egiteko oso egokia baita, eta bestetik, kokapena. Guk beti aldarrikatzen dugun Euskal Herri ikuspegitik, Nafarroan gisa honetako proba garrantzitsu bat antolatzea ere funtsezkoa iruditzen baitzaigu», esan du Martxel Toledok.