CRANA Fundazioak Leitzaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin lankidetzan, Emakumeak busti egiten dira proiektua jarri nahi du martxan. Eskualdeko emakumezkoak eta ibaia lotzen dituen proiektu erakargarria aurkeztu dute, emakumeak ibaiarekin edo uraren kudeaketarekin izan duen harremanean eta horren inguruan sortu izan diren lanak, esperientziak, bizipenak ezagutzeko, elkarrekin partekatzeko eta ikustarazteko. Proiektua gauzatzeko lau tailer egingo dira, eta landutakoa 2014. urteko egutegi batean plazaratuko da urte bukaeran.
Lehenengo tailerrean genero harremanak eta horrek uraren kudeaketarekin duen harremana landuko da, eta aldi berean egutegiaren eraketa prozesuarekin hasiko dira.
Bigarrena idazkeraren ingurukoa izango da, eta partaideek egutegian azalduko diren idatziak landuko dituzte.
Hirugarren tailerrean, argazkiak eta hainbat testu landuko dira eta zirriborro bat prestatuko da, ondoren maketatuko dena.
Laugarren tailerrean, hirugarrenean landutakoa aurkeztuko da. Bai testuak eta baita argazkiak ere partaideen esku egongo dira.
Lehenengo tailerra ekainaren 5ean, asteazkena, arratsaldeko 6etan eginen da, udaletxean. Ondorengoak taldearen arabera zehaztuko dira, bai datak eta baita ordutegiak ere.